Goienako hedabideei laguntzeko, Goienak behar zaitu! Kanpainaren berri izan zuen Antxiak eta emazte Goyi Mendorekin komentatu zuen izena eman eta Goiena Klubeko bazkide egitearen komenigarritasunaz. "Handik egun bitara, telefono deia jaso genuen etxean klubeko kide izateko eskaintza eginez eta baietz esan genuen bitan pentsatu barik". Izan ere, aurretik erabakia hartuta zuten-eta Aitor Antxiak eta emazteak.
Goienako hedabideen jarraitzaile
Goienako hedabideen jarraitzaileak dira. Egubakoitzeko Goiena paperekoaren harpidedun dira aspalditik eta Goiena.net eta Goiena telebistaren ohiko erabiltzaile eta ikus-entzule ere bai. Zazpi urteko bi seme-alaba bikien guraso da Aitor Antxia. "Txikiek ere begiratzen dituzte zorion-agurrak telebistan" dio.
Gertuko informazioa eskaintzearren eta berau, gainera, euskaraz izatearren kontsumitzen dituzte Goienako hedabideak Antxiatarren etxean. Aurrerantzean, i-Pad dotorean ere irakurri eta ikusi ahal izango dituzte albisteak, baita bideoak edo Goiena paperekoa ere. Tableta berri-berria, osasunez urratu dezatela!