Santa Ageda kintoek auzoak eta kaleak hartuko dituzte bihartik

Mirian Biteri 2014ko ots. 3a, 11:00
Hemen da ostera Santa Ageda Eguna, eta horren bueltan, koplak eta dantzak. Bihar, Santa Ageda bezpera, aterako dira Aretxabaletako eta Eskoriatzako kintoak koplak abesten; lehenengoan 1995 urtean jaiotako 30 neska-mutil inguru, eta bigarrenean, 1996ko 24 gazte.

Urtero moduan, baserriz baserri ibiliko dira kantuan goizetik. Herriko plazetan geratuko dira egunsentian, eta denon artean egun osorako plangintza gertatuko dute.

Kintoak baserrietatik ibiltzeaz gain, Aretxabaletan kantaldia egiteko ohitura dute arratsalde partean herriko abesbatzako kideek, Leizarra Musika Eskolako 40 bat neska-mutilekin batera. 18:30ean egin dute hitzordua, Herriko Plazan. Handik herriko zaharren egoitzara joango dira, eta Gernika plaza, Iralabarri, Mitarte eta Durana kaleak zeharkatu ostean, plazara bueltatuko dira. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldi horretan parte hartzera.

Santa Ageda Egunean, eguaztena, kalean gora eta behera ibiliko dira abesten herri bietako kintoak; eta urtero moduan, 19:00etan, neska-mutil talde bakoitzak dantza egin du bere herriko plazan.

Bost domeka

Behin Santa Ageda pasatuta, dantzatzen jarraituko dute. Aretxabaletarrek Aratusteak bitartean, domeketan elkartuko dira plazan, 19:00etan. Aurten bost domeka dituzte aurretik. Eta ohiturari jarraituz, Aratuste-domekan, txino-dantzarekin irtengo dira.

Eskoriatzarrak, berriz, lehenengo domekan baino ez dira ostera ere batuko dantza egiteko. Hain zuzen ere, hilaren 9an dantzatuko dute aurtengo Santa Ageda neska-mutilek, 19:00etan, plazan.

Kinttada Eguna Eskoriatzan

Bestalde, Santa Agedaren bueltan, azken urteotan, Eskoriatzan Kinttada Eguna egin dute askotariko urteetako kintoek; eta aurten ere horrelaxe izango da. Baina, aurretik baino, Santa Ageda pasa ostean egingo dute oraingoan. Hain justu, hilaren 8an, zapatua, elkartuko dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak