Urtero moduan, baserriz baserri ibiliko dira kantuan goizetik. Herriko plazetan geratuko dira egunsentian, eta denon artean egun osorako plangintza gertatuko dute.
Kintoak baserrietatik ibiltzeaz gain, Aretxabaletan kantaldia egiteko ohitura dute arratsalde partean herriko abesbatzako kideek, Leizarra Musika Eskolako 40 bat neska-mutilekin batera. 18:30ean egin dute hitzordua, Herriko Plazan. Handik herriko zaharren egoitzara joango dira, eta Gernika plaza, Iralabarri, Mitarte eta Durana kaleak zeharkatu ostean, plazara bueltatuko dira. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldi horretan parte hartzera.
Santa Ageda Egunean, eguaztena, kalean gora eta behera ibiliko dira abesten herri bietako kintoak; eta urtero moduan, 19:00etan, neska-mutil talde bakoitzak dantza egin du bere herriko plazan.
Bost domeka
Behin Santa Ageda pasatuta, dantzatzen jarraituko dute. Aretxabaletarrek Aratusteak bitartean, domeketan elkartuko dira plazan, 19:00etan. Aurten bost domeka dituzte aurretik. Eta ohiturari jarraituz, Aratuste-domekan, txino-dantzarekin irtengo dira.
Eskoriatzarrak, berriz, lehenengo domekan baino ez dira ostera ere batuko dantza egiteko. Hain zuzen ere, hilaren 9an dantzatuko dute aurtengo Santa Ageda neska-mutilek, 19:00etan, plazan.
Kinttada Eguna Eskoriatzan
Bestalde, Santa Agedaren bueltan, azken urteotan, Eskoriatzan Kinttada Eguna egin dute askotariko urteetako kintoek; eta aurten ere horrelaxe izango da. Baina, aurretik baino, Santa Ageda pasa ostean egingo dute oraingoan. Hain justu, hilaren 8an, zapatua, elkartuko dira.