Kike Amonarrizen 'Tribuaren berbak', telebistako Argia Saria

Eneko Azkarate 2014ko urt. 31a, 17:21

Aurtengo Argia Sarien irabazleak.
Kike Amonarriz ('Tribuaren berbak', EITB), Maite Asensio ('Berria'), Topatu.info webgunea, Eider Olazar (Info7) eta Errigoraren publizitate kanpaina dira aurtengo Argia sarien irabazleak. 25. urteurrena izan da aurtengoa.

Bost sari banatu ditu Argia astekariak euskarazko komunikazioan nabarmendu diren talde, enpresa, profesional eta produktuei eskainita. Usurbilgo Atxega Jauregian izan da bazkaria eta ondorengo sari banaketa.

Argia sarien 25. urteurrena izan da aurtengoa eta efemeridearekin bat eginez sari banaketaren aurretik azken mende laurdeneko argazki historikoak ikusi ahal izan dituzte gonbidatuek.

Hauek izan dira aurtengo saridunak eta epaimahaiak saria emateko arrazoiak:

  • TOPATU.INFO webguneak jaso du INTERNETEKO ARGIA SARIA. Epaimahaiak nabarmendu du Interneteko atari horrek informazioa ematerako orduan erakutsi duen dinamismoa, erabili dituen formatuen dibertsitatea eta gazteen artean gaurkotasunezko gaiei buruzko eztabaida sustatzeko eduki duen gaitasuna.
  • MAITE ASENSIOk jaso du PRENTSA IDATZIKO ARGIA SARIA. Berria egunkarian egindako lanarengatik. Saria jasotzeko arrazoi ugarien artean, epaimahaiak bereziki nabarmendu du kazetariak gizarte gaiak lantzerakoan emakumeen eta gizonen aukera berdintasunari eman dion garrantzia. Ikuspegi feminista kazetaritza hobea egiteko ezinbesteko tresna dela erakutsi du Asensiok, epaimahaiaren ustez.
  • EIDER OLAZAR ELDUAIENentzat izanda IRRATIKO ARGIA SARIA. Info7 irratian goizero egiten duen lanarengatik. Saria ematerakoan baloratu diren merituen artean, gaien hautaketa nabarmendu du epaimahaiak, inork gutxik lehen planora ekartzen dituen gaiei protagonismoa ematea. Gainera, saridunaren zorroztasuna eta komunikatzeko gaitasuna ere azpimarratzeko modukoak dira.
  • ERRIGORA egitasmoaren eskuetara joan da aurtengo PUBLIZITATEKO ARGIA SARIA. Laborantza eta euskara batera sustatzen dituen kanpainaren arrakasta oso kontuan hartu da saria ematerako orduan. Kanpaina elkarlanean sustraituta egotea nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, baita eraiki duen sarea ere.
  • 'TRIBUAREN BERBAK' saioak jaso du TELEBISTAKO ARGIA SARIA. ETB1eko programak euskaraz bizitzearen ertz guztiak leuntzeko egiten duen lana txalogarria iruditzen zaio epaimahaiari, baita euskararekiko sortzen duen jarrera positiboa ere. Gainera, euskarari buruz askok ezagutzen ez zituzten kontuak plazaratzeko abilezia eduki du, tonu fresko, moderno eta erakargarrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak