Pintxo potea eta euskara, Euspot lehiaketaren hirugarren edizioan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 29a, 16:32

Euspot lehiaketaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa.
Lehiaketaren helburua da euskarazko sormena bultzatzeaz gain, euskararen erabilera arlo guztietara hedatzea. 2014ko edizioaren gaia ‘Pintxo potea eta euskara’ izango da; egubakoitzean izango da aurkezpena. Aurtengo edizioarekin lortu nahi da spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea.

Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Kontseilua eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkartea dira lehiaketaren sustatzaile nagusiak.

Euspot lehiaketa bi helbururekin sortu zen 2012an: hutsune bat betetzeko ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan, eta euskararen erabilera bultzatzeko esparru guztietara. Hain justu ere, lehiaketan parte hartuko duten spot horiek herritarren arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera bultzatu beharko dute.

Arrakasta "dotorea" iaz

2013ko lehiaketak arrakasta "dotorea" izan zuen. Guztira 22 lan aurkeztu ziren, Euskal Herriko toki ezberdinetatik, eta irabazlea La Piel antzerki taldeko Markos Goikolea iruñearra izan zen. Iaz, lehenengo edizioarekin alderatuta, "kalitateak gora egin zuen eta parte-hartzea nabarmen hazi zen".

Euspoten aldeko apustua

Aretxabaletako Udalak Euspoten aldeko apustua egin du aurten ere, eta euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko egiten ari diren lana goraipatu du. Gainera, antolatzaile batzordetik nabarmendu dute aurten ere 16 urtetik gorakoek aukera izango dutela lehiaketan parte hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

Aurtengo berrikuntzak

Maiatzaren 15ean egingo den sari banaketa ekitaldia zuzenean grabatuko da eta Goiena telebistan ikusi ahal izango da.

Era berean, Kontseilua ere antolatzaileen batzordera sartu da eta maiatzaren 12tik 16ra arteko astean komunikazioaren gaineko hitzaldi sorta bat egingo da Aretxabaletan. Besteak beste, XXI. mendeko komunikazio arloko euskal profesionala izango da hizpide hitzaldietan.

Izaera irekia

Spoten lehiaketak izaera irekia du eta Euskal Herrian parte-hartzea sustatu gura du, beti ere Debagoienean oinarri sendoak jarrita. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak bere ikasketa curriculumean sartu du spoten gaineko ikasgaia eta Arizmendi ikastolako zein Kurtzebarri eskolako DBHko ikasleek lehiaketan parte hartu ahal izango dute.

Unibertsitatearentzat lehiaketa bera eta ikasleen parte-hartzea epe luzerako inbertsioa dira; inbertsioa, hizkuntzaren erabilerari dagokionez ere, "euskarazko sormena bultzatzen delako eta etorkizuneko profesionalek euskaraz lan egiteko ohiturak barneratzen laguntzen duelako".

Epaimahaia

Epaimahaia komunikazio arloko profesionalek, Arteman Komunikazioa enpresako ordezkariek, Loramendi Euskara Elkarteko kideek, Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariek osatuko dute. Lanak maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan. Guztira Euspot lehiaketak aurten ere 2.250 euro banatuko ditu saritan.

Lau sari

Lau sari banatuko dira:

  • Spotik onena: 1.000 euro.
  • MUko ikasleen spotik onena: 500 euro.
  • Publikoaren saria: 500 euro.
  • Gazteen saria (18 urte beherakoak): 250 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak