Gipuzkoako ekonomia puntu bat haziko da, Bazkundearen esanetan

Leire Kortabarria 2014ko urt. 29a, 15:12

Endika Sánchez eta Pedro Esnaola, gaur, eguaztena, prentsaurrekoan.
Gipuzkoako Bazkundeak Europako Enpresen Perspektiba Inkestatik atera dituen datuek adierazten dutenez, Gipuzkoako ekonomiak hobekuntza txiki bat izango du, eta kanpoko merkataritzari esker izango da hori, Bazkundeko arduradunek gaur jakinarazi dutenez, Ekonomia Egoeraren Datuak eta 2014ko Perspektibak txostenaren aurkezpenean.

Gipuzkoako ekonomiak aurten puntu baten inguruko aurrerapena izango duela aurreikusten du Bazkundeak; Europako batez bestekoa baino txikiagoa da hori.

Gipuzkoako enpresak Europakoekin konparatuz gero, negozio zifra gehien gutxitu dutenen artean kokatzen dira, Italiakoen eta Ziprekoen atzetik bakarrik. "2014ean Gipuzkoako enpresen barne merkatuak lo jarraituko du, iaz gertatu zen moduan", esan dute Bazkundeko arduradunek. Lituania, Portugal eta Finlandia izango dira barru-merkatua hobetuko duten herrialde bakarrak.

Esportazioei dagokionez, konparaketa askoz hobea da gipuzkoarrentzat, Gipuzkoako enpresak kanpoan gehin saldu duten hirugarrenak direlako, Letoniaren eta Portugalen atzetik.  Gipuzkoak Europako batez bestekoa baino jarrera hobea bat izango du, baina Espainia eta Euskal Autonomi Erkidegoaren atzetik.

Enplegua, oraindik ahulezia

Enplegua da, berriz, Gipuzkoako eta Euskadiko ekonomien alde ahula. 2013an,  aurreikuspenek berriz, Gipuzkoa eta Euskal Autonomi Erkidegoa ez daudela ondo erakusten digute. Europako enpresek ez dute langile gehiago hartzeko asmorik 2014an ere. Enplegu sorrerari dagokionez, Euskal Autonomi Erkidegoa Espainiaren atzetik kokatzen da, eta Gipuzkoa, Espainiaren aurretik, baina Europako batez bestekoaren atzetik.

Europako enpresek  aurten ere haztea espero dute, batez ere esportazioetan oinarrituta, ez baitute mugimendu handirik espero euren barne merkatuetan. Inbertsioan susperraldia espero da aurreko urtearekin konparatuz.

Industrian, hobeto; zerbitzuetan eta merkataritzan, okerrago

Gipuzkoako Bazkundeak azpimarratu egin du Gipuzkoarendako esportazioek duten garrantzia, eta Gipuzkoako kanpo merkataritzak "aldeko ibilbidea" izan duela esan dute, EAErena baino hobea. Urteko lehen erdian, tasa positiboak izaten hastea lortu zuen Gipuzkoako esportazioak. "Honek esan nahi du Gipuzkoak nazioarteko merkatuan aurkitu duela aktibitatearen galtzea gelditzeko irtenbidea", esan du Bazkundeak. Azken urteotan, Gipuzkoako enpresek euren esportazioen ohiko jomuga-herrialdeak aldatu zituzten neurri baten. Hala, 2007tik 2013ra Hego Ameriketara (Brasil), Ipar Ameriketara (AEB eta Mexiko) eta Asiara (Txina eta Turkia) bideratutako esportazioak indartu dituzte Gipuzkoako enpresek.

2014ari begira, negozio zifra sektore ekonomikoetan aztertuz gero, "aurreikuspen baikorrak" daudela esan du Bazkundeak, batez ere industria arloan. "Iaz ere datu positiboak izan zituen, gainontzeko sektoreek izan ez zuten bitartean", Bazkundearen hitzetan. Merkataritza sektorea ere baikorra da. "Ezin dugu gauza bera esan Gipuzkoako eraikuntza eta zerbitzu aktibitateei buruz, nahiz eta azken hauek ez dira 2013an bezain ezkorrak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak