Gaurko aurkezpenean esan denez, programa horrek Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hartutako lehentasunezko konpromisoei erantzuten die. Programak 6.475 milioi euroko aurrekontua dauka eta gaur onartu du Gobernu Kontseiluak.
Iñigo Urkullu lehendakariak programa hori Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren "ardatz nagusia" dela esan du.
Programak bost plan hartuko edo garatuko ditu. Erdigunean Enplegu Plana dago (775 milioi euro), baina, lan-aukera berriak erraztearren, IBIN estrategia ere bultzatuko da; hau da, inbertsioa, industria, berrikuntza eta nazioartekotzea. Ekonomia suspertzeko, 3.840 milioi euro inbertituko dira, eta beste 1.860 milioi euro enpresentzako abaletan.
Gaur onartutako esparru-programak "datozen hiru urteetan hazkundearen eta enplegu-sorrera iraunkorraren bidera itzultzea" du helburutzat, legegintzaldiaren hasieran onartutako programak emandako laguntzaren ostean; izan ere, azken horrek "atzeralditik ateratzea" eragin du, lehendakariaren iritziz. Azken helburua 8.000 enpresa eta negozio autonomo abiaraz daitezen laguntzea da, lehendakariak azaldu duenez, bai eta 32.000 enplegu berri sortzen laguntzea ere. Hartarako, ETEen arteko jarduera lagunduko da, I+G+Bko jarduera gehiago garatzera bultzatuz, bai eta ikerketako 75 proiektu estrategiko berri abiarazten ere.