Aitor Merino: "Asier espetxean dagoela, bere ahotsa libre da aretoetan"

Txomin Madina Milikua 2014ko urt. 30a, 00:00

Aitor Merino.
Aktore donostiarrak 'Asier ETA biok' dokumentala egin du arreba Amaiarekin: Aitorren eta duela hamar urte ETAn sartu zen Asier Aranguren txikitako lagunaren harremana du ardatz.

1. Galderei erantzutea edo galderak planteatzea, zer lortu nahi izan duzu Asier ETA biok-ekin?

Galderak planteatzea: hainbat planteatzen ditugu, eta uste dut ikusle bakoitzaren bizipenen araberakoa izango dela bakoitzari buruan gehien burrunbatuko diona.

 

2. Euskaldun batentzat erraza da Madrilen euskal gatazka azaltzea?

Ez. Euskal gatazka gatazka politikoa dela azaltzea bera gatazka bat da. Zerotik ez, minus bostetik hasi behar da planteamendua.

 

3. Zure helburua gaizki ulertua izateko beldurrik izan duzu?

Bai. Horregatik, pelikula egiteak iraun duen hiru urteko prozesuan zehar, Madrilen, Euskal Herrian eta Ekuadorren hainbat lagunekin elkartu gara: ikustaldi horietan iritziak jaso eta gero aintzat hartzen genituen, aldaketak egin eta benetan nahi genuena kontatzeko.

 

4. Asierrekin berriz elkartzean, zerk harritu zintuen gehien?

Asierrekin baino gehiago, neure buruarekin harritu nintzen: nola Asierren inguruko hainbat kontu saihesten nituen eurei aurre ez egitearren; pelikulan agertzen diren hainbat beldur. 

 

5. Crowdfunding barik, posible izango litzateke proiektu hau?

Ezingo genukeen bukatu, baina ez da pelikula osoa finantzatzeko nahikoa, azken bultzada baizik. Diruaz gain, jendearen babesak indarra ere ematen dizu.

 

6. Pelikulak Asierren atxiloketarengatik ere badu gaurkotasuna.Gogorra izan da; hasieran harritu eta gero asko haserretu ginen. Baina uste dut pelikula egokiagoa dela: espetxean dagoen bitartean, bere irudia eta ahotsa libre daude aretoetan. Gure herriak ez ditu horrelakoak merezi.

 

7. Arrebarekin idatzi eta zuzentzea zenbateraino izan da erronka?

Erronka baino gehiago, erraztasuna izan da. Oso harreman polita daukagu, elkar oso ondo ezagutzen dugu; osagarriak gara: oso ondo betetzen ditu nire gabeziak, eta nik bere batzuk. Talde indartsua gara. Amaia Andraka ekoizleak ere bai: aulkiaren hirugarren hanka da.

 

8. Ez da kameraren atzean egiten duzun lehen lana. Eroso?

Aktorea izan arren, txikitatik gehiago gustatzen zait argazkiak ateratzea argazkietan ateratzea baino. Kamera atzean jartzeak behar bati erantzuten diola esango nuke.

 

9. Eta hurrengoa aurrean ala atzean izango da?

Momentu honetan aurrean, Goenkale-n nago-eta. Baina hurrengoa ez aurrean, ez atzean: antzerkia egingo dut, aktore moduan.

 

10. 16 urterekin Madrilera aktore izatera joan zen Aitorrek aurkitu du bila zebilena?

Bai: aktore izateko joan nintzen, eta hala naiz. Nire burua Hollywooden imajinatzen banuen, ez da gertatu; ezta beharrik ere!

----------

Makila magikoa baneuka: "Kodizia ezabatuko nuke: nire ustez, kodizia da mundua jaten duena, zalantza barik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak