Gure Esku Dago

Gure Esku Dago abian da bailaran ere, erabakitzeko eskubidearen alde

Julen Iriondo 2014ko urt. 24a, 12:40

Jon Odriozola, Pello Zabala, Elena Laka, Lierni Olmedo (Oñatiko Gure Esku Dago), Jon Ugarteburu (Antzuolako GED) eta Aitor Eraña (Bergarako GED), Arantzazun.
"Gure Esku Dago dinamika herritarra da, erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duena". Hala hasten du bere buruaren gaineko azalpena iazko ekainean aurrenekoz jendaurrean –Irungo Ficoban– aurkeztutako ekimenak. Hiru ardatz, beraz, aurreneko definizio horretan: "Erabakitzeko eskubidea", "dinamika herritarra" eta "Euskal Herria". Ekintza sorta antolatu dute datorren asterako, eta Durango-Iruñea giza katea Debagoienetik pasako da. Dinamika horren barruan, taldeak sortu dira Oñatin, Bergaran eta Antzuolan ere. Gaur, 21:15ean, gaiaren gaineko erreportajea 'AsteOn' saioan.

"Besteak zu baino gutxiago ez direla uste duzun momentutik, erabakitzeko eskubidearen alde egon behar duzu", dio Antzuolako Gure Esku Dago lantaldeko kide Jon Ugarteburuk erabakitzeko eskubideari buruz; "Mugimendu honetan lanean hasteko motibatu ninduen Angel Oiarbidek Gazta zati bat filmean esaten duenak, alegia erabakitzeko eskubidea gauza inportanteegia dela politikarien esku bakarrik uzteko. Herriak egin beharreko lana dela iruditzen zait", Lierni Olmedo oñatiarrak Gure Esku Dagok bere buruari aitortzen dion izaerarekin bat eginaz; eta Bergarako taldeko Jokin Biainek, Euskal Herria ahotan: "Kataluniakoa ikusita, Eskoziakoa ikusita, nik uste gure momentua ere heldu dela".

Jendea aktibatu nahi

Duela ia zortzi hilabete Gure Esku Dago dinamika abiatu, eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta eskualdetan bezala Debagoienean ere martxan dira taldeak –hiru; Arrasaten ere eman dituzte lehen urratsak, eta taldea jendez gizentzea nahi dute orain–. Martxan dira, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea ahalbidetuko lukeen egoera batera igarotzeko helburuz, euskal herritarrak aldarrikapen horren inguruan aktibatu nahian: "Euskal Herrian egoera berri bat bizi dugu; egoera berri horretan aurrera egiteko garrantzitsua da elkarbizitza lantzea, eta iruditzen zait elkarbizitza hori lantzeko ezinbestekoa dela ideia eta jende desberdinen arteko errespetua", dio Antzuolako Jon Ugarteburuk, bere azalpenarekin honela jarraituz: "Erabakitzeko eskubidea hori da; erabakitzeko eskubidea ez da independentzia, nahiz eta jendeak hori pentsatu, ziur aski geuk ere nahastu izan ditugulako urteetan, independentistek egin izan dutelako autodeterminazioaren aldarrikapena. Baina erabakitzeko eskubidea da errespetua". Aldaketarik nahi ez duenarentzat ere erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea onuragarri dela dio Ugarteburuk, aldaketarik ez egitea erabakiko balitz ere erabaki horrek herritarren nahia lukeelako oinarri.

Eta planteamendu hauetara, erabakitzeko eskubidearen aldeko lanera, dagoeneko batu dira Debagoienean hainbat eta hainbat gizon-emakume, gazte, heldu eta nagusi, askotarikoak: "Politika kontuetan ez naiz inoiz ibili, eta gizarte arloko erakundeetan ere ez naiz orokorrean parte hartzekoa izan, baina gaur egun ilusio momentu bat bizi dugu, eta igartzen da jendeak baduela parte hartzeko gogoa, eta neuk ere badut", dio Bergarako Jokin Biainek; Oñatiko Lierni Olmedok, berriz: "Bildu garen jendea esparru desberdinetako jendea gara, eta horrek ere motibatu egiten zaitu. Horrek aberastu egiten du proiektu hau, eta horren beharra dago gainera". Eta Antzuolako ordezkariak, horri gehituz: "Gure Esku Dagoren filosofia desberdina da, ideia eta esparru desberdinetako jendea elkartzea. Horregatik sartu naiz taldean, zabala eta heterodoxoa delako". Aitor Erañak –bergararra hau ere– azken hitza, honi dagokionez: "Ezin duguna egin da gu pasibo geratu eta utzi politikariek erabaki dezaten gugatik".

Garaiari dagokionez

Erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean dihardutenentzat oraintxe da garaia, garai aproposa da hau, kontuan hartuta Europan bertan Kataluniak eta Eskoziak jarrita dituztela 2014 urte honetan euren etorkizunaren gaineko iritzia emateko datak: "2014a urte garrantzitsua izango da Eskozian eta Katalunian, baina ez han bakarrik, baita hemen ere, ikusiko dugulako egin daitekeela, badagoela modua egiteko, eta horrek ilusioa eragingo du Euskal Herrian ere", dio Jon Ugarteburuk. "Jendearen pentsaeran aldaketak" egon daitezen lagunduko duela uste du Erañak, eta, hori horrela, Euskal Herrian ere "helburu horretara iristeko baliabide guztiak" jartzea proposatzen du Olmedok.

Britainia Handiaren jarrerari eredugarri deritzo Antzuolako lantaldeko ordezkariak –aurtengo irailaren 18an izango da independentziari buruzko erreferenduma–: "Argi dago ingelesek ez dutela gogorik Eskoziak Britainia Handia izateari utz diezaion, baina izaera demokratikoa dute, eta onartu egiten dute. Zertarako eduki behar duzu menpean zure menpeko izan nahiz ez duen bat? Hobe da zure taldekide izan nahi duen bat izatea zure taldean, ez behartuta dagoen bat". Batera jarraitu edo alde egitearen artean erabakitzeko aukera ematen badio estatu batek bere barneko lurralde bati, "pragmatikoak" izan eta geratzea erabakitzea gerta litekeela dio Ugarteburuk: "Baina behartzen duzun momentutik, jendea ez dago gustura".

Ekainaren 8an, giza katea

Eskozia eta Kataluniaren urtea izango da, beraz, 2014a, eta ikusteko dago ze eragin izango duen herrialde haietan gertatzen denak gurean. Baina kanpotik letorkeenaren zain egon gabe, jendea martxan jartzeko zita nagusi bat ere ari da antolatzen Gure Esku Dago aurtengo ekainaren 8rako: Durango eta Iruñea lotuko dituen 123 kilometroko giza katea –Arrasate, Bergara eta Antzuolatik pasako da–; gutxienez 50.000 lagun batzea da intentzioa. Parte hartzeko izena eman beharko da, eta eguna bitartean egingo diren ekintzetan edukiko du jendeak horretarako aukera.

"Giza kateak izugarrizko ilusioa eragiten dit. Oso egun polita izango da; jende desberdin pila bat elkartuta, eskutik helduta, aldarri oso sinple baina polit batekin: erabakitzeko eskubidea dugu eta denon artean egin behar dugu bidea". Egun horren gainean Jon Ugarteburuk duen iritzia da, Aitor Erañak konpartitzen duena, ondo irtengo den ziurtasuna agertuz. Baina giza katearekin ezer ez dela amaituko ohartarazten dute Jokin Biainek eta Lierni Olmedok: "Egun inportantea izango da, baina erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak jarraitu egin beharko du aurrera. Baina bai izango da egun berezia, aldarrikapena eta jaia batuko dituelako. Hor ikusiko da babesa zenbaterainokoa den".

Eta asmoa dute Gure Esku Dagokoek ekainaren 8tik aurrera ere erabakitzeko eskubidearen aldarria are eta are gehiago gizarteratzeko ekintzak antolatzen jarraitzeko, datorren asterako antolatu dituzten moduan. Zentzu honetan, Euskal ekonomiaren erabakimenaz izenburupean mahai-ingurua egingo dute urtarrilaren 29an Arrasateko Kulturaten, Joseba Barandiaran, Oskar Arantzabal eta Adrian Zelaia (Ekai Center) ekonomialariekin. Urtarrilaren 31n, berriz, kontzertua izango da Oñatiko gaztelekuan; bertan, Carles Belda ariko da soinu txikiarekin. Belda kataluniarra da, baina Zugarramurdin bizi da, eta bere emankizunean katalana eta euskara uztartzen ditu –Mikel Laboaren doinuak katalanez kantatzen ditu, besteak beste. Gose arrasatearrek joko dute Beldaren ostean. Azkenik, otsailaren 2an mendi irteera izango da Lizargaratera, Antzuolatik, Bergaratik eta Oñatitik oinez irtenda, eta giza-katea egingo dute eguerdian hiru herrietako lurrek bat egiten duten inguru hartan.

Aurpegi ezagunen babesa

"Aniztasuna eta dibertsitatea" dira, esan bezala, Gure Esku Dagok aintzat hartzen dituen ezaugarrietako bi. "Ideologia eta eremu desberdinetako jendea" batu nahi dute dinamikara; eta norbanako anonimo asko eta asko elkartu dira dagoeneko Euskal Herriko luze zabalean, eta aurpegi ezagunagoak ere bai tartean. Debagoienean, badira gehiago baina, Pello Zabala, Jon Odriozola eta Elena Laka dira hiru adibide, Gure Esku Dagoren aldarriarekin bat egin dutenak.

Ezagun eta ezezagun, denentzat dituzte irekita ateak bailarako lantaldeetan. "Jende denari" egiten diote dei. "Merezi du eta lan egin behar dugu helburua lortzeko", dio Lierni Olmedok, eta itsaropen irmoa agertzen du Jokin Biainek: "Ezinezkoa da modu baketsuan aldarrikapen bat egiten duen herri bat betiko blokeatzea". 

Ekimena babesten dutenek esanak

  • Pello Zabala, frantziskotarra: "Bada garaia gure eskubideen jabe egiteko, elkarri lagunduz, eskuz esku auzolanean lan egiteko. Oso ondo deritzot Gure Esku Dago ekimenari. Beharra sentitzen nuen, eta asko pozten nau hau dena etortzeak. Gustura lagunduko dut, ilusio handia daukat honekin, eta gazte jendea ere hala ikusten dut. Denok ez gara pentsaera berdinekoak izango, baina alor guztietakoak kabitzen dira hemen. Erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea pixka bat kostako da agian, ze herri itxi baten menpeko gara. Una, grande y libre delakoarekin hainbeste urte daramatzagu... Kosta egingo zaigu. Politikaren zain baldin bagaude luzeegi joango da, ze ikusten dugu zenbat kostatzen den bakearen ingurukoetan ere. Herriaren aldetik behar da bultzada handi bat, eta horren kontra zailagoa da".
  • Elena Laka, abokatua: "Uste dut herritar moduan, gizarte moduan eta herri moduan dagokigun eskubide bat dela, oinarrizko eskubidea dela eta gauzatzeko eskubidea daukagula. Guri dagokigu erabakitzea zein nahi dugun izatea gure etorkizuna, modu ekonomikoan, modu politikoan eta herritar bakoitzaren zoriontasuna eta ongizatea lortzeko maila horretan. Euskal Herrian badaukagu herritarrok biltzeko eta denok batera egiteko tradizio luze bat; azken urteetan, ikastolak, kooperatibak eta euskararen mugimendua horren erakusle izan dira. Uste dut alderdi politikoetatik kanpo presio eta indar handia egin daitekeela, herritarrok nahi duguna lortu ahal izateko. Behetik hasita, elkartuta presioa eginez, gauzak lor daitezke. Ez dakit iritsiko den, baina horren alde tinko egin behar dugula ez dut zalantzarik".
  • Jon Odriozola, Kirol zuzendaria: "Uste dut momentua dela, behingoz, herritarrok eta herriak aurrera egiteko eta erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko. Denok elkartuta, aterako dugu aurrera gure aldarrikapena. Gure Esku Dago dinamikari oso ondo deritzot. Kirolean ere beti izan da nire helburua gure nortasuna zabaltzea eta euskaldun denok batu eta eskubide horiek azaltzea mundu osoaren aurrean. Horregatik, ados nago eta oso pozik, hau aurrera ateratzeko eta parte hartzeko gogoz. Euskal talde bat ateratzeko dudan proiektuari asko lagunduko lioke erabakiak guk hartu ahal izateak; elkar lagunduko lukete. Izan ere, txirrindularitzan izan dugu orain arte euskaldun denok batu gaituen proiektu bakarra, eta hori berreskuratzea oso garrantzitsua da. Elkartzeko behar bat badago, eta erabakiak geuk hartzekoa".

"Krisitik ongien atera direnak erabaki propioak hartu dituzten ekonomiak dira"

Hala adierazi du Oskar Arantzabalek. Ekonomialari eibartarra datorren eguazteneko mahai-inguruko parte-hartzaileetako bat izango da.

Ekonomiaren ikuspegitik, komeni zaigu gure etorkizuna erabakitzea?
Noski. Krisitik ongien atera direnak erabaki propioak hartu dituzten ekonomiak izan dira.

Bideragarri al litzateke euskal estatu bat?
Bideragarritasunaren zalantza gaindituta dago, Europan badira sei estatu gurea baino txikiagoak eta munduan hirurogei inguru. Beste kontu bat da ekonomia orekatuak diren ala ez, herritarren bizimaila hobetzeko. Euskal Herrian baldintza hori ere ematen da.

Entzun izan dugu, adibidez, pentsioak ordaintzeko arazoak leudekeela.
Pentsioak Europako estatu askoren buruhauste bihurtu dira. Gure sistema propioak hobeto funtzionatuko luke. Ikusi osasunaren eta hezkuntzaren adibideak.

Europatik kanpo geratuko ginatekeela ere bai.
Hutsune juridiko bat dago Europako Batasunean horri dagokionez; beraz, espekulazio hutsa da. Batzuk Eskoziarekin eta Kataluniarekin gertatuko denaren zain daude. Badira euroa darabiltenak barruan egon gabe, eta alderantziz. Eta Batasunetik kanpo ere bada bizitza.

Diozu txikiak direla estatu zoriontsuenak.
Sei arrazoi nagusigatik: barne-kohesioa, kulturala eta ekonomikoa; irekitze eta hazkunde tasa altuak; espezializazio lehiakorra; malgutasuna; defentsa gastu txikiagoa; eta esperimentaziorako laborategi izatea.

Dinamikaren definizioa

Horrela definitzen du dinamikak bere burua: 

  • Zer den: Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egiten ari den dinamika herritarra. Herrietan dinamika honen inguruan garatzen dabiltzan ekimen ezberdinei erreferentzia eta aterkia eskaintzen die.
  • Helburuak: Herri aktibazioa. Atxikimendu pertsonalak metatu eta antolatuz, gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak lantzea, erabakitzeko eskubidearen norabidean.
  • Zergatik: Erabaki ezina delako Euskal Herrian bizi den gatazka politikoaren iturburua. Aldarrikapen pre-politikoa delako, oinarri demokratiko bat sortzearen alde.
  • Printzipioak: Aniztasuna eta askotarikotasuna. Ezberdinen arteko gogo-kidetasuna bilatzea, ekintza bateratu eta eraginkorrerako jokaleku egoki eta erosoa sustatuz.

Eskutik eskura egitaraua

  • Urtarrilak 29, 19:00 Ekonomia mahai ingurua Arrasateko Kulturaten: Joseba Barandiaran, Adrian Zelaia (Ekai Center) eta Oskar Arantzabal.
  • Urtarrilak 31, 22:30 Kontzertua Oñatiko gaztelekuan: Carles Belda eta Joseba Tapia (Gose, bertan behera).
  • Otsailak 2, 12:00 Giza katea Lizargaraten. Mendira irteera oinez Bergaratik –09:00, plazan–, Antzuolatik –09:30, plazan– eta Oñatitik –09:30, Errekalde eskolan.

Kontaktua

Oraingoz, Oñatin, Bergaran eta Antzuolan daude martxan Gure Esku Dago lantaldeak. Haiekin harremanetan jartzeko, Arrasaten hasten ari den taldeko kide izateko, gainerako herrietan talde berriak sortzen laguntzeko edo beste edozertarako, helbide hori jarri dute eskura: debagoienakogureeskudago@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak