Derbiak beti izaten dira bereziak. Izan ere, ibarreko bi herritako taldeek elkarren aurka jokatzen dutenean, partidua bera eta hiru puntu baino gehiago egon ohi dira jokoan. Bada, domekan Azkoagainen jokatuko den norgehiagokak normalean baino tentsio handiagoa izango du, bi taldeak puntuen beharrean daude-eta: 25 punturekin zazpigarren postuan daude oñatiarrak; aretxabaletarrak, berriz, lau puntu gutxiagorekin hamabigarren daude sailkapenean.
Behetik gora doaz Gorka Valleren mutilak. Ahazteko moduko lehen itzulia egin ondoren, azken bi partiduak irabazi dituzte. Hala ere, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera daude, eta ezin izango dute azken partiduetan erakutsi duten irabazteko gogo eta intentsitatea jaitsi. Are gutxiago, gainera, Aloña bezalako talde bat aurrean izanda. Andoni Azkargortaren mutilek lau partidu jarraian daramate partidu bat bera ere galdu barik, eta nahiz eta lau horietatik hiru berdindu egin dituzten, garbi dago zaila izango dela Aretxabaletarentzat Aloña mendean hartzea.
Bestalde, Valleren mutilek bere arma arriskutsueneri etekina atera beharko die partidua irabazi nahi badute. Orain dela bi aste Zarautzen aurka min hartu zuen Oxel Apraiz ez da egongo, belauneko zaintiratu batengatik, baina bai bost txartel horiren osteko zigorra bete berri duen Zaitegi. Baloi luze askoko partidua izango da, eta garrantzitsua izango da bi taldeentzat baloiak goitik leihatu ostean alderatzeak hartzea. Partidua domeka arratsaldean 16:30ean izango da, Azkoagainen.
Andoni Azkargorta: "Kalitate handikoak dira erditik gora"
Horrela aurreikusten ditu bere taldea, aurkaria eta partidua Aloñako entrenatzaile Andoni Azkargortak.
Nola aurreikusten duzu partidua?
Derbia izanik, partidu estua izango dela uste dut. Behetik gora dator Aretxabaleta. Ez ziren oso ondo hasi, baina denboraldiko momentu onenean daude orain.
Zeintzuk dira Aretxabaletaren arma arriskutsuenak?
Erditik gora hainbat jokalari erabakigarri dituzte. Kalitate handiko futbolari eta goleatzaileekin kontuz ibili beharko dugu. Defentsan ere gogorrak dira.
Nola ikusten duzu zure taldea?
Taldea ondo ikusten dut. Azken hiru partiduetan ezin izan dugu garaipenik lortu. Hala ere, galdu ere ez dugu galdu. Beharbada, fisikoki zertxobait nekatuta daude jokalari batzuk, baina oraingo asteko entrenamenduak lasaiak izan dira.
Gorka Valle: "3 puntuen bila joango gara Azkoagainera"
Hona hemen, Aretxabaletako entrenatzaile Gorka Vallek esandakoak.
Nola aurreikusten duzu partidua?
Aloñaren aurkako partiduak oso zailak izan ohi dira. Hala ere, 3 puntuen bila joan besterik ez dugu; are gehiago, sailkapeneko egoera ikusirik. Bereziak izan ohi dira derbiak, baina guretzat partidu bat gehiago da.
Zeintzuk dira Aloñaren arma arriskutsuenak?
Zelai nahiko txikia da, eta baloi luzeekin kontuz ibili beharko dugu. Intentsitate handiarekin jokatzen dute eurek. Guk ere beste horrenbeste egin beharko dugu.
Nola ikusten duzu zure taldea?
Ondo. Azken partiduetan emaitza onak lortu ditugu, eta horrela segitzea da helburua. Sailkapena oso estututa dago 5. posturaino. Lau puntura daukagu 5. sailkatua, nahiz eta jaitsierako postuak puntu bakarrera dauden.