Espainiari dagokionez, 2013ko laugarren hiruhilekoan, hirugarrenean baino 8.400 langabe gutxiago izan ziren, eta denetara 5.896.300 lagun zeuden lanik gabe urte bukaeran; langabezia tasa %26,03an geratu zen. Laugarren hiruhileko baten ez zen langabezia murrizten 2004a ezkero, eta urte hasieratik bukaerara ez zen langabezia murrizten krisia hasi zenetik, orain arte. Denetara 16.758.200 langile zeuden Hego Euskal Herrian eta Espainian urte bukaeran.
Faktore bat da populazio aktibo txikiagoa dagoela: 267.900 aktibo gutxiago daude, denetara 22.654.500 lagun lan egiten edo lan egiteko gertu. Euskal Autonomia Erkidegoan alderantziz gertatu da, eta populazio aktiboa asko handitu zen hirugarren hiruhilekotik laugarrenera: 19.900.
2012ko abenduan baino 198.900 langile gutxiagorekin bukatu zen iazko urtea, %-1,17, azken bost urteotako datu negatibo txikiena. Lanpostu gehienak (121.400) sektore publikoak galdu zituen.
Hirugarren hiruhilekotik laugarrenera, norberaren kontu lan egiten zutenen kopurua 51.500 txikiagoa izan zen. Kontratu mugagabea zuten soldatapekoak 45.600 gehiago izan ziren, eta aldi baterako kontratua zuten soldatapekoak 56.000 gutxiago izan ziren.
Laugarren hiruhilekoan, nekazaritzak 85.200 langile gehiago izan zituen, eta beste sektore nagusi guztietan langile gutxiago erregistratu ziren.