Debagoieneko eskaintza turistikoa ere Fitur azokan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 23a, 08:24
Arantzazuko santutegiaren ikuspegi bat.
Atzo –eguaztena– ireki zituen ateak Fitur Nazioarteko Turismo Azokak Madrilen eta tartean da Debagoieneko eta Oñatiko eskaintza ere. Euskadiko stand-ean, Gipuzkoa barrualdeko eskualdeen eskaintza biltzen duen gunean, eskuratu ahal izango da gure herrietako aukeren berri.

Stand horretan ez da egongo guretik propio joandako pertsonarik, baina horrek ez du esan nahi Oñati edo Debagoienako teknikariak egun hauetan Madrilera joango ez direnik; harreman konkretuak egiteko aprobetxatuko dute bisita. Hala egingo du, esaterako, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradunak, gaur; koba turistikoetako ordezkariekin egoteko eta gurearen pareko turismo errekurtsoak dituzten beste herri batzuetan zein ekimen gauzatzen ari diren ezagutzeko aprobetxatu asmo du Madrilerako joan-etorria.

Arrikrutzeko kobaren, Oñatiko arte eta natura aberatsaren, eta otordu nahiz lotarako dauden aukera ugariren berri jaso ahal izango da Fitur azokan, baita inguruko herri eta eskualdeekin batera landutako proiektuen berri ere: Debagoienako ibilbide eta bisitak edota Ignazio lurraldea, besteak beste. 

"Euskadiko turismoa sustatzen duten agente publiko eta pribatuen ordezkariak elkartzeko eta elkarrekin Euskadi helmuga turistiko modura sustatzeko aukera ederra izango da denontzat", Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiaren esanetan.

Turista atzerritarra erakartzeko ahalegin berezia

Baserriaren irudiarekin aurkeztu zuten atzo Euskadi Fiturren. Atzerriko turismoa erakartzeko ahalegin berezia egingo duela iragarri zuen bertan Tapia sailburuak, eta gaineratu zuen espero dutela 2020 urtera lau milioi bisitarirekin eta batez besteko gastua igota iristea.

Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko lehiaketa

Oñatiko ordezkariek Madrilera egingo duten bisita egun bakarrekoa izateak badu bere azalpena, herriko zerbitzu turistikoen inguruan erabaki garrantzitsuak hartzeko egunak baitira hauek. Izan ere, gaur bertan amaituko da Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Hainbat enpresatako ordezkariek informazioa eskuratu dutela badakigu, baina atzo goizean ez zegoen eskaintzarik Udal bulegoetan.

Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziak turismo bulegoa eta bertan dagoen San Migel Errota eta Arrikrutzeko kobak kudeatuko dituen enpresa kontratatzeko deialdia kaleratu zuen urtarrilaren 8an.  Hasiera batean, herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa kontratua bi urtetarako egingo litzateke, baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Eskaintzen gehienezko prezioa mugatua da eta lehenengo urtebeterako 97.000 euro gehi BEZa da finkatu den lehiaketa prezioa. Parte hartzen duten enpresek hortik beherako eskaintzak aurkeztu beharko dituzte.

Proposamen ekonomikoa lanak esleitzerakoan baloratuko den irizpideetako bat izango da, zerbitzuak antolatzeko sistema, bestelako hobekuntza proposamenak eta merkatuari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko ikerketarekin batera.

Herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko lehiaketara aurkezten diren enpresek, gainera, antzerako lanetan eskarmentua dutela erakutsi beharko dute eta turismo bulegoak eta kobak kudeatzen gutxienez urtebeteko esperientzia dutela egiaztatu beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak