Debagoieneko Libre: "Herri gisa erantzuteko garaia da, pertsona libreak herri librean izan nahi dugulako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urt. 22a, 20:09

Debagoieneko Libre plataformak prentsaurrekoa egin du gaur Bergarako Artatse elkartean, Audientzia Nazionalean 35/02 sumarioan –Herriko tabernen aurkakoa– eta Segiko kide izateagatik auziperatuta dauden epaiketen "izaera politikoa eta antidemokratikoa" salatzeko. Ekintza berriak iragarri dituzte Arrasaten zein Bergaran; tartean, hitzaldiak, kontzertuak eta goi mailako bertso saio bat.

Libre plataformako Ane Jauregik eta Artatse elkarteko arduradun Roberto Martinezek hartu dute hitza agerraldian. Epaiketei dagokienez, Debagoienean zein eragin izan duen ekarri du gogora Libre plataformako kideak: "Hiru herriko taberna, hainbat lokal, hiru elkarte gastronomiko, tartean prentsaurrekoa ematen ari garen hau, eta eskualdean lan egin eta bizi den gaztea, Irati Muxika".

Bi epaiketak hasi zirela lau hilabete bete direnean, Jauregik Estatu espainiarraren "itxikeria" salatu du: "Espainiar estatua deseroso dago Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriaren aurrean. Espainiar estatuak uste du errepresioaren bidez aldaketa eragotzi dezakeela, zapuzketa eraginez, ilusioak itzaliz eta etsipena zabalduz. Zorionez, Estatu espainiarra bilatzen ari zena ez da lortzen ari, eta ez du lortuko".

"Aurrerapauso oso esanguratsuak"

Era berean, gogora ekarri du Espainiaren "blokeoa" gainditzeko "aurrerapauso oso esanguratsuak" eman direla: tartean, Estrasburgoko sententzia, EPPKren agiria eta urtarrilaren 11ko manifestazioa "bateratua".

Artatse elkarteko arduradunak mezu "argia" zabaldu gura izan die herritarrei: "Herri gisa erantzuteko garaia da, pertsona libreak herri librean bizi nahi dugulako. Elkartasunetik konpromisora, lortuko dugu".

"Adin eta pentsamolde guztiendako" egitaraua

Era berean, Martinezek datozen asteetarako prestatu duten egitarauaren berri eman du: "Adin eta pentsamolde guztietako herritarrek aukera paregabea izango dute aldarrikapen hauekin bat egiteko eta, bide batez, ondo pasatzeko", adierazi du.

Arrasaten

Otsailak 6: hitzaldia eta kontzertua izango dira Irati tabernan.

Bergaran

Urtarrilak 28: Hitzaldia Zabalotegi aretoan. Iñaki Soto eta Martxelo Otamendi Gara eta Berriako zuzendariekin.

Otsailak 8: Sagardotegi herrikoia Artatsen, 20:00etatik aurrera. Erreserbak aurrez egin behar dira Arrano tabernan, 943 76 02 54 telefonora deituta (21 euro).

Otsailak 9: Bertso saioa, udal pilotalekuan. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Jon Maia eta Aitor Sarriegi. Sarrerak egubakoitzetik aurrera jarriko dituzte, 10 eurotan. Bergara: Depor, Pol-Pol, Arrano eta Kultura etxea. Arrasate: Irati tabernan. Aretxabaleta: Urbaltz tabernan. Oñati: Arranon.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak