Aste tematikoa izango da astelehenean hasiko dena; euskal txerriari dedikatutako jardunaldi osoak. Hain zuzen, berriki eskuratu du baserriko euskal txerriak Eusko Labela eta, horregatik, arreta berezia eskainiko zaie txerrikiei jardunaldi gastronomikoen atal berrian. Basatxerri enpresak babestuta, labeldun jakion aurkezpenen-dastatzeak egongo dira Arrasaten, Oñatin eta Bergaran eta azalduko dute labela daukaten txerriak nola hazten dituzten, hala nola, okela mozte eta txerrikiak nola gauzatzen diren. Horrela azaldu du gaurko aurkezpenean Josu Garaialde Basatxerri enpresako gerenteak. Hark alboan izango ditu Debagoieneko sukaldariak, azalpen horiek dastatzeek lagunduta egingo dira-eta.
Menuak, berezi eta merkeago
Debagoieneko jatetxeak dira, ohi moduan, oraingoan ere jardunaldien topalekua. Arrasateko Hilarion eta Santa Ana hotela, Bergarako Lasa, Elgetako Maialde hotela eta Oñatiko Etxe-Aundi eta Torre Zumeltzegi, hurrenez hurren. Txerrikietan oinarritutako menu berezi eta merkeagoak eskainiko dituzte jatetxeotan eta horietako zenbaitetan, aitatutako aurkezpen-dastatzeak egingo dituzte:
- Urtarrilak 28: Etxe-Aundi (Oñati)
- Urtarrilak 29: Hilarion (Arrasate)
- Urtarrilak 30: Lasa (Bergara)
Saioetan parte hartzeko izena eman beharra dago aurrez, Mankomunitatera jota.
Errezeta lehiaketa
XVI. Jardunaldi Gastronomikoen hirugarren proposamena lehiaketa da, eusko labela duen baserriko txerriarekin gertatutako errezetena. Parte-hartzea guztiz da irekia eta oinarriak Turismodebagoiena.com webgunean aurki daitezke. Aurkezteko epea otsailaren 6ra artekoa da eta irabazleak txerriki sorta oparoa jasoko du.