Debagoieneko errepide sarea garbi

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 20a, 13:51
Leintz Gatzaga garbi, eguerdian.
Goiz erdi aldera itxita egon da tarte batean Kurtzeta mendatea kamioi eta ibilgailu artikulatuentzako, baina atzera ere zabalik dago ibilgailu ororentzako, eta gainontzean ez dago arazorik. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du elurragatik barnealdean, 21:00ak bitartean. Goizerako aurreikusten zen egoerarik okerrena. Izan ere, elur-kota 600 metro inguruan egon da hasieran, eguerdian 800 metrora igo da eta arratsaldean 900-1.000 metrora ailegatuko da; gauean, atertuz joango da, gainera.

Orain artekoari dagokionez, elurrak ez du gora-beherarik eragin Debagoienean, baina bai gertuan. Kurtzetatik Legutiorako bidean ateratako argazki hauek garbi erakusten dute, esaterako, goizeko lehen orduan autoren batek edo bestek zailtasunak izan dituztela errepidean aurrera egiteko.

Trafikoa.net webgunearen arabera, elurra botatzen du tarteka Kurtzetan, Udanan eta Arantzazun. Kontuz gidatzea gomendatzen da, beraz, mendate horietan bereziki eta baita Deskargan eta Elgetan ere, baina ordu honetan (13:50) arazo barik igaro daiteke bailarako errepide guztietatik.

Gatzagan, tarteka elurra

Leintz Gatzagatik, adibidez, kontatu dute tarteka elur-ura eta baita elurra ere bota dituela, baina ez duela zuritu. Eta oraingoz, inguruko mendien tontorretan bakarrik ikusten dela elurra, beheko argazkiak erakusten duen moduan.

Arratsaldean, hobetzera

Euskalmeten iragarpenaren arabera, haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta tenperaturetan ez da aldaketarik izango.

Bihar, martitzena, elur-kotak 1.000 metrotik 1.500era egingo du; haizea hego-mendebaldera aldatuko da; eta tenperaturei dagokienez, minimoak jaitsi egingo dira apur bat eta maximoek gora egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak