Oraindik talde hasiberria da Screamers and Sinners, urte eta erdi inguru bakarrik pasatu delako sortu zutenetik, baina bertako kideak eskarmentu handiko musikariak dira, Golpe de Estado, Neallta Fola eta Los Galerna taldeetan jarduten dutelako. Psychobilly deitutako estiloa lantzen dute, punk eta rockabilly estiloen nahasketa, hain zuzen. Baina beste hainbat estiloren eragina ere badutela diote, hasi surf instrumentalean eta countryan bukatzeko. Gitarra bik, saxoak, armonikak, kontrabaxuak eta bateriak osatzen dute taldea, baina diskoa grabatzerakoan laguntzaileak ere izan dituzte; Little Jim kantuan Jul Bolinagak banjoa jo du eta Evil Trashmen kantuan Txus Stillek pianoa.
Taldearen lehenengo diskoa da aste bukaeran aurkeztuko duten Demon Tales, eta Aretxabaletako Nekrosounds estudioan grabatu dute. Oraingoz disko konpaktu formatuan bakarrik atera dute, eta aurrerago biniloa etorriko dela iragarri dute taldekideek.