17 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du. Hiru kategoria bereizten dira: ikasleak, langabeak eta langileak. Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira. Lehenengoak 300 euro irabaziko ditu eta gainontzeko biek, 100 euro bakoitzak. Bideo baten bidez norberaren burua aurkeztu eta egilearen profil akademikoa eta profesionala transmititzea izango da helburua.
Parte-hartzaileek BideoCVak egiteko material sorta eta gidak deskargatu ahal izango dituzte www.debagoiena.net helbidean. Esan bezala, lana topatzera bideratuta egongo da: datu pertsonalak, profil akademiko eta profesionala, gaitasunak eta helburu profesionalak jasoko ditu. Ez dira onartuko eduki hauek jasotzen ez dituzten sorkuntza-lanak.
Laguntza tailerrak
Horretaz gain, BideoCVak egiten ikasteko bi tailer mota ere antolatu dira:
- Lehenengo tailerra: Zertarako egin BideoCV bat? edukiari buruzkoa. BideoCV bat zer den, bere onurak eta zein informaziorekin egin behar den azalduko du Debagoieneko Mankomunitateko lan-orientatzaileak.
- Bigarren tailerra: Nola muntatu nire BideoCVa. Arlo teknologikoari buruzkoa izango da. Eskura jarriko dira laguntza pertsonala eta ordenagailuak bideoen edizio eta muntaia egiteko.
Eskualdeko hainbat herritan egingo dira tailer horiek.
Izen-ematea
Lehenengo tailerrera joateko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: debagoiena.goiaz@gmail.com helbidearen bitartez edo 943 79 30 90 telefono zenbakira deituta egin beharko da. Ikastetxeetan ikasleei eskainiz gero, ikastetxe bakoitza arduratuko da ikasleen izen-emateaz. Izena emateko azken eguna 2014ko urtarrilaren 28a izango da. Bigarrenerako, aldiz, ez da beharrezkoa izango.
Lanak noiz eta nola aurkeztu
Lanak Wetransfer plataformaren bidez edo honako e-mailera bidali beharko dira: debagoiena.goiaz@gmail.com. Mezuan bertan, izen-abizenak, telefonoa, posta elektronikoa eta kategoria zehaztu beharko dira. Lanak aurkezteko epea 2014ko martxoaren 7a, 14:00ak baino lehen izango da.
Bideoaren baldintzak:
- Bideoaren iraupena gehienez 2 minutukoa izango da.
- Bideoa egiteko soinuak, testuak, argazkiak, irudiak… erabil daitezke.
- Lanak bakarkakoak izango dira.
- Pertsona bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
- Lanak euskaraz, gazteleraz edota ingelesez aurkeztu ahal izango dira.
- Gehienez 300 MB izango ditu bideoak.
- Bideoan ezingo dira agertu adingabeen irudirik.
- Edukia egiazkoa eta oinarrietara egokitutakoa izango da.
- Difusio eskubideak Debagoieneko Mankomunitatearen esku geratuko dira, eta
- lehiaketaren helburuetara lotuta erabili ahal izango ditu.
- Aurkeztutako lanek inoiz eta inon saritu gabeak izan beharko dute.
Gainontzeko informazioa irakurtzeko aukera: www.debagoiena.com helbidean.