goiena.eus

Bizimodua errazteko eta autonomoago izateko erreminta: 'The Grid 2'

 Arrasate  Debagoiena

Aspaceko erabiltzaileek euren bizimodua errazagoa eta autonomoagoa izan dadin erreminta berria daukate: 'The Grid 2' softwarea.

Aspaceko erabiltzaileekin batera garatutako erreminta informatiko horri esker, mintzaira arazoak dituzten pertsonen komunikazioa dezente erraztuko da: "Aspacek bere zerbitzuetan erabiltzaileen autonomiaren alde lan egiten du. Erabiltzaile potentzialitatea eta autonomia ahalik eta gehien garatzeko lan ildoak sustatzen ditugu. Pertsonen bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko, erabiltzaileen parte hartze zuzena ezinbestekoa iruditzen zaigu", adierazi zuen Javier Gartziak, Aspaceko zerbitzu zuzendariak, aurkezpenean.

Komunikazio arazo larria

The Grid 2 programa batez ere komunikazio arazo larriak dituztenentzat izango da baliagarria. Horri esker, erabiltzaileek autonomia handiagoa lortuko dute. Oso programa malgua da eta erabiltzaileak beharrezkoak izango dituen esaldiak oso modu errazean sor ditzake.

Zenbait esaldi

Azaroan hasi ziren programaren lehen saioekin, eta dagoeneko Aritz Bikuña bergararra lanean dabil beharrezkoak dituen zenbait esaldirekin. Aldez aurretik kargatutako esaldiei esker, Bikuña hobeto erlaziona daiteke.

The Grid 2, baina, ez da Aspacek garatu duen programa bakarra. Gipuzkoako zentroetako erabiltzaileen bilerak errazteko, taldekako bideo konferentziak egiteko Webex programa ere garatu dute. "Webexi esker, modu errazagoan egingo ditugu bilerok, eta, agian, jende gehiagok ere hartuko du parte", adierazi zuen Inma Cordovillak, Arrasateko zentroko ordezkariak.

Gipuzkoako zentroez gain, Sevillakoak ere bere egin, eta The Grid 2 eta Webex programa ere garatzen ari dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa