Bidegorria egin zenean, tokiz aldatu zuten Gurutze Gorriaren aparkalekua eta erreka ondora eraman zuten, errepidearen beste aldera. Bada, Gurutze Gorriko eskualdeko arduradun Santi Sarmientok adierazi digu azken urteetan behin eta berriz eskatu dutela aparkalekuaren aldaketa. Orain, Diputazioaren partida baten bitartez, hasi dituzte lanak.
"Egun anbulantziak ditugun tokia urrun samar gelditzen da eta horrek atzeratzea eragiten du gure zerbitzuan. Horretaz gain, errepidea zeharkatu behar dugu eta hori langileentzat arriskutsua da, batez ere, zirkulazio handieneko orduetan. Gainera, kanpoan egotera, anbulantziako materiala oso hotza egoten da". Horrenbestez, estalitako garajea egingo dute egoitzaren ondoan eta bertan gordeko dute larrialdietarako anbulantzia (bakarrarentzat izango da tokia). "Sarbide zuzena izango dugu egoitzatik eta horrek hobekuntzak ekarriko ditu", dio Sarmientok.
Hori baina ez da Elorregin egingo den lan bakarra izango. Egun anbulantziak uzten dituzten orubean kamioiak pisatzeko baskula bat jarriko du Aldundiak. Horren atzean, errekaren ondoan, gainontzeko ibilgailuak aparkatzeko garaje estali bat egingo dute.
Gurutze gorritik zehaztu dutenez, garaje berria Martxorako martxan egongo dela espero dute.