1. Kosta zaizu, baina azkenean zeu ere heldu zara Arraldera.
20 urte kostatu zait, baina iritsi gara. Pozik nago: lana da, eta lankideekin oso gustura nago; ezin naiz kexatu. Lantalde oso majoa da eta ondo pasatzen dugu.
2. Zer kontatu ahal diguzu Barbarari, zure pertsonaiari buruz?
Asko ez; tramak sortzen doaz, eta sarri gu gara sorpresa handiena hartzen dugunak. Ez dakizu zure pertsonaia nondik joango den eta hori polita da, bizitzan bezala.
3. Askorentzat Bi eta bat-eko Jaione izango zara beti.
Maitasun handia diot Bi eta bat-i. Lan horrek markatu egin gintuen aktore moduan. Euskarazko lehenengotako sit-com-a izan zen, alor guztietan oso zaindua; beste garai bat zen. Oraindik ere asko gogorarazten didate, zorionez.
4. Telebista bai, baina antzerkia ahaztu gabe. Nola doa Terapiak?
Ondo, oso gustura. Obra oso polita da, bikoteen terapiari buruzko komedia. Arina da, baina badu mamia. Oso koadrila ona gaude eta oso ondo pasatzen dugu.
5. Gogoratzen etxean aktore izan gura zenuela esan zenuen eguna?
Sen banuen: eskolan, antzerkia egitean, barrukoa nuela sentitzen nuen. Atipikoa da, baina etxean planteatzean normala iruditu zitzaien, eta amak nire erabakia defendatzen zuen: uste dut nire gurasoek ere badutela sena.
6. Aktoreen inguruko zein mitok haserretzen zaitu gehien?
Sutan jartzen nau jendeak esateak: "Zu artista zara", dirurik beharko ez bagenu edo beste planeta batekoak bagina bezala; pertsona seriotzat ez hartzeak. Beste edozeinek dituen behar berberak ditugu.
7. Arrakasta edo porrota, zein da barneratzeko errazagoa?
Arrakasta, kontrako esatea hipokresia hutsa da! Baina porrota ere naturala da, bizitza porrotez eta arrakastaz osatuta dago. Porrotetatik asko ikasten da gainera.
8. Zure abeslari gaitasunak ere ezagutu ahal izan ditugu...
Ikaragarri gustatzen zait abestea, nahiz eta aspaldian ez dudan abestu antzerki lanetan. Te invito a una copla izeneko formatu txikiko ikuskizun baten parte hartzen dut: koplak kantatzen ditugu, umorezko monologoekin-eta tartekatuta.
9. Sarri aldatu duzu etxez, baina beti Donostian bertan.
Grosen bizi naiz, poz-pozik; baina Amara Berrian eta Amara Zaharrean, Egian... bizi izan naiz. Ez da erabaki kontzientea; Madril edo Bartzelona bezalako hiri handiak asko gustatu arren, lanagatik edo nire jendea hemen dudalako, horretara eraman nau bizitzak.
10. 2014rako zure helburuan artean, baduzu erretzeari uztea?
Dezente utzi diot: eguneko lauzpabost erretzen ditut. Horretan mantentzen banaiz, pozik!
----------
Makila magikoa baneuka: "Ez nuke ezer ere egingo makilarekin, zentzudunagoa den norbaiti eman baizik: ni oso despistatua naiz eta edozein tabernatan edo bazterretan utziko nuke; ez nintzateke kargu egingo. Baina derrigortuz gero, zerbait egitekotan, antzokiak jendez beteko nituzke".