Gabonetako salmenta onak beherapenekin borobildu nahi dituzte bailarako merkatariek

Leire Kortabarria 2014ko urt. 13a, 10:40

Ohiturari jarraituz, eta nahiz eta dagoeneko beherapen garaia ez dagoen legez mugatuta, Debagoieneko merkatariek joan den martitzenean, urtarrilaren 7an inauguratu zituzten ofizialki beherapenak. Eta, merkatari txikien elkarteen arabera, krisia hasi zen ezkeroko Gabon sasoi onena izan bada pasa berri duguna, goraldi hori borobildu dezakete urtarrileko beherapenek.

Askotariko aurreikuspenak daude batez besteko gastua zein izango den. Hala, Kantar Worldpanel aholkularitzak inkestatutako jendearen %70ek zerbait erosiko dutela esan dute, eta batez beste 150 euro gastatuko du bakoitzak.  Espainiako Komertzio Konfederazioak (CEC), berriz, bezero bakoitzeko 60 euro gastatuko direla kalkulatu du, eta Espainiako merkatariek 3.900 milioi euro fakturatuko dutela. Gabonetan, iaz baino %3 eta %8 artean gehiago gastatu dela dio CECek. Erabiltzaile-Kontsumitzaile Independenteen Federazioak (Fuci) esan du, bestalde, batez beste 85 euro gastatuko direla –Euskadin, 88–, iazko beherapenetan baino %5 gehiago. Dena dela, azken urteotan, beherapenetan gero eta gutxiago gastatu izan dela ere nabarmentzen du Fucik.

"Ea loteria igartzen den!"

Debagoieneko arropa-denda gehienek %20 eta %30eko beherapenekin hasi dute sasoia. Bergarako Mirari jantzi-dendako Mari Carmenek esaten duenez, "den-dena saldu nahiko" luke, "baina, komertzio txikian, oso zaila da hori". Berak deskontu ederrak ditu: "%20 eta %50 arteko beherapenak ditut, eta dendako artikulu guztiek dute beherapena. Espero dezagun ondo joatea. Arrasaten Gabonetako Loteria tokatu zen, eta ea zerbait igartzen den Bergaran ere!", komentatu du.

Gabon sasoia iaz baino hobeto joan da Mari Carmenendako. "Urtarrilaren 3an eta 5ean, eta abenduaren 23an, egun osoan zabalik izan nuen denda, eta jendeak eskertu zuen", esaten du.

Arrasateko Gili-Gili jantzi-dendan, Nerea Gonzalezek beherapenak "oso ondo, oso indartsu" hasi direla esaten digu. Arrasateko denda horretan ere artikulu guztiak daude ohi baino prezio txikiagoan: %30 merkeago, arropa, eta %10 merkeago, osagarriak. Gehien, txamarrak eta frakak erosten ditu jendeak.

Gabonetan, deskontuak 27an ipini zituen denda horrek. Gabonetan ere, salmentak "ondo" joan direla diosku dendariak, eta opari emandako gauza askorik bueltatzera ez dela joan jendea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak