Markel Uriartek Udalatx jaitsita hasi du 2014a

Xabier Urtzelai 2014ko urt. 9a, 11:56

Udalatxetik itzulia eginda hasi du Markel Uriarte aretxabaletarrak 2014a. Orbeako rider-ak joan den martitzenean, urtarrilaren 7an, igo eta jaitsi zuen Udalatx (1.120m), Rallon bizikletaren gainean: "Ez, ez dut aparteko giharretako minik, ohituta gaude halakoetara", dio barrez. "Banuen gogoa bizikleta halako toki tekniko batean probatzeko; eta oso gustura geratu naiz".

Udala auzotik abiatuta, tarte batzuk bizikleta gainean igo zituen, baina goialdean, harkaitzean ez zuen izan bizikleta bizkarrera botatzea beste erremediorik: "Igotzen nindoala inpresioa eman zidan, zalantzak nituen bizikletan jaisteko kapaz izango nintzen".

Gauza izan zen jaisteko, bai, baina ez zuen Udalatx osotasunean bizikleta gainean jaitsi: "Bideak baditu hiruzpalau tarte oso arriskutsu, eta mendiko bizikleta batekin jaistea ezinezkoa da. Trialeko bizikleta batekin nik uste dut posible dela, tarte batean ezik [Udalatx ezagutzen dutenek badakite ze tarte den hori], baina mendiko bizikletaz, ez". Dena dela, jaitsieraren %90a bizikleta gainean egin zuen aretxabaletarrak: "Poliki egin beharreko jaitsiera da, teknikoa, eta siku dagoela jaitsi behar da, derrigor. Bustita egongo balitz ezinezkoa izango litzateke, trakzioa behar delako derrigor, bizikletak aldapa behera ihes ez egiteko. Gainera, harkaitz askoko lekua da, eta ez da komeni behar dena baino gehiago arriskatzea". 

Aretxabaletakoak aspaldi zuen Udalatx bizikletan jaisteko gogoa: "Test txiki bat egin nahi nuen, eta bideoan zerbait grabatu. Hala, aitzakia aproposa zen Udalatxera joateko". Aramaioko Beñat Burgirekin batera egin zuen itzulia, eta Burgi ere bizikleta gainean ibiltzen den arren, martitzenean kameralari lanak egin zituen. 

Tourmaleta, oraindik gogoan

Meribel Enduro taldeko txirrindulariak lasterketez betetako beste denboraldi erakargarri bat du aurretik, baina baditu beste erronka batzuk, iazko Harmailatik saioan onartu zigun moduan. Tourmaleta igo nahi du, gurpil bakarraren gainean: "Hori egiteko bi hilabetez entrenatu behar dut, baina aukera dudan momentuan, egiteko gogoz nago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak