Manifestazioa eta kontzentrazioak deitu dituzte gaurko, atzoko polizia operazioa salatzeko

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 9a, 08:37


Arrasaten egingo da manifestazioa gaur, eguena, 19:00etan, Seber Altubetik abiatuta, herriko hainbat eragile politiko eta sindikalek deituta. Antolatzaileek deialdi berezia luzatu diete arrasatearrei: “Sigla politikoen gainetik gu izan behar gara konponbidearen aurkako eraso hauek geldiarazi behar ditugunak”. Ordu berean, kontzentrazioak egingo dituzte Oñatiko, Aretxabaletako eta Elgetako herriko plazetan. Bergaran, berriz, 19:30ean batuko dira San Martin plazan.

Atzoko operazioa lotsagarritzat jo du Oñatiko Sortuk eta gaur arratsalderako Konponbideari erasorik ez! lelopean deitu duten elkarretaratzera joatera animatu ditu herritarrak, ahalik eta erantzunik zabalena ematea komeni dela argudiatuta.

Zortzi lagun atxilotu ditu orotara Guardia Zibilak operazio horretan: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Mikel Almandoz, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de Lacalle eta Asier Aranguren. ETAren eta "haren presoen" arteko zubi lana egitea egotzi diete atxilotutako lagunei, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez.

Sortu: "Bake eta konponbidearen kontrako erantzuna izan da"

Jarraian, Sortuk operazio honen aurrean egindako irakurketa:

"Premiazko agerraldia deitu dugu gertakariek horrela eskatzen dutelako eta gauzak horrela lehenengo inpresio batzuk bota nahi ditugu:

Lehenik eta behin, Guardia Zibila burutzen ari den operazioa tinko salatu nahi du Sortuk.

Era berean nola ez, gure beroa bidali nahi diegu atxilotuei zein gertuko guztiei; gure elkartasuna, kontsiderazioa eta errespetu osoa daukate.

Gaurko operazio poliziala konponbidearen aurka Alderdi Popularrak burutu duen enegarren saiakera dugu. Ez daukagu inongo zalantzarik esateko bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela gaurko operazioa.

Izenetatik haratago nortzuk atxilotu dituzten azpimarratzea garrantzi handikoa da:

  • Guardia Zibilak atxilotutako lagunak larunbatean Durangon egindako agerraldian izan ziren.
  • Bakearen eta konponbidearen aldeko hautua egindako lagunak atxilotu ditu Guardia Zibilak.

Beraz, eta inongo zalantzarik gabe: bake eta konponbidearen eraikuntzan Ezker Abertzaleak egindako ekimen guztiei zein EPPKren adierazpena eta aurreko larunbateko agerraldian euskal preso ohiek konponbidearekiko adieraziriko konpromisoari bakearen etsaiek emandako erantzuna da gaurkoa.

Guretzako argi dago zer bilatzen duten PPko bakearen etsaiek gaurkoaren moduko polizia operazioekin:

  • Euskal jendartean etsipena sortu.
  • Gatazkaren alde bortitza bizirik mantendu nahi dute, sufrimendua eguneroko ogi bihurtu.
  • Eta konponbide prozesuari dagokionean, bake eta demokraziaren aldeko apustuan aurrera egiterik ez dagoen sentimendua hedatu nahi dute.

Horren aurrean, esan nahi dugu ez dagoela etsipenerako tartetik ordea. Herri hau indartsua da eta bere helburuak argi dauzka. Herri honek aurrera egingo du, bakearen etsai guztien gainetik. Eta berriro diogu, sakabanaketa bertan behera geldituko da eta espetxe politika aldatuko da logikak horrela eskatzen duelako, arrazoi nahikoak badaudelako eta herri gehiengo batek errealitate eginen duelako, ez daukagu inongo zalantzarik.

Herri honek bakea, askatasuna eta demokrazia eraikitzeko duen borondateari eraso zuzena da gaurkoa. Erantzuna beraz, tamainakoa izan behar du.

Espainiako Barne Ministroak esan berri du Herriraren kontrako operazioaren segida izan dela gaurkoa. Eman diezaiogun beraz segida Herriraren kontrako operazioa salatzeko egin zen herri mobilizazioari eta bete ditzagun Bilboko kaleak larunbat honetan".

Bilboko mobilizaziorako autobusak Debagoienetik

(Goiko bideoan, eitb-ren irudiak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak