1. Bihar gauean Olentzero dator... Urduri zaude?
Egunotan Olentzerori eta Mari Domingiri laguntzen jardun dugu, ikatza egiten ikasten, opariak biltzen… Eta urduri nago, bai! Kilimatxoak sentitzen ditut sabelean! Zapata berriak eskatu dizkiet.
2. Opariak jasotzeko, zintzoa izan behar da. Halaxe izan zara ala egin duzu bihurrikeriarik?
Amonak dio euskaldun, alai eta jator izateko; saiatzen naiz, eta halaxe erakutsi diegu Pupuri eta Loreri ere. Noizean behin bazterrak nahasten ditugunik ezin uka!
3. Pupu, Lore, Porrotx, Mari Motots, Porrotxin, zu... Baduzue leku nahikoa mahaiaren bueltan?
Baserria zaharra da, baina sukalde handia du, ez gaur egungo etxeetakoa bezala. Bertso finalean kantatu zuen Olentzerok, egungo tximiniak ere estuegiak zirela!
4. Zein izaten da sukaldaria?
Amona Josefina da denetan artista, eta Porrotx laguntzaile. Aurten urdaiazpiko-kroketak eta patata-tortilla jango ditugu; eta Udalako artzainak oparitutako gazta eta intxaurrak postrerako.
5. Askorentzat, oparia zuek ikustera joatea izaten da...
Oso esker oneko jarduna dugu. Amonak dio guretzat urte osoan direla Gabonak, eta bat nator: txiki eta handiekin partekatzen ditugun muxuek, besarkadek, sekretu- ek, ametsek… ez dute preziorik.
6. Zuen azken diskoan Amets Arzallus txapeldunak hartzen du parte. Zelako ohorea, ezta?
Ametsek, Maialen Lujanbiok, Igor Elorzak, Beñat Gaztelumendik, Andoni Egañak, Hodei Barrosok, Miren Amurizak, Peru Madalenak… Hau pagotxa! Horrelako bertsolariz eta sortzailez inguratuta bizitzea, hori bai bizipoza!
7. Ia beti Porrotxekin ikusten zaitugu. Haserretzen zarete inoiz?
Askotan haserretzen gara! Biak ere kaskagogor samarrak gara, eta purrustadaka aritzen gara; baina berehala adiskidetzen gara, kopetilun egoteak ez du-eta merezi.
8. Beti dantzan, kantuan, jolasean... Nondik ateratzen duzu horrenbeste indarra?
Gurea jolasa da, afizioa ofizio bihurtuta. Umeen irriek eta besarkadek ematen digute indarra. Baserritarrek, arrantzaleek, mediku eta erizainek, okinek, irakasleek, autobus gidariek… Denok egiten dugu lan handia, eta denon jarduna da garrantzitsua.
9. Pirritxek egiten du negarrik?
Barre errazekoa da Pirritx, eta negar errazagokoa. Malkoa gertu dut beti! Amonak dio hori ona dela azalarentzat. Porrotxek eta Marimok animatzen naute.
10. Zer eskatzen diozu 2014ari?
Elkartasuna, hizki larritan, gure Euskal Herri maite-maitea Euskal Irri bihurtzeko bidean.
----------
Makila magikoa baneuka: "Euskarari behin eta berriz debekuak eta zangotrabak ezartzen dizkieten horiei euskara oparituko nieke, munduari euskaratik eta euskaraz begiratzea, eta euskaraz maitatzea zein polita den ikus dezaten".