Berdinketa Errege bezperako lehen derbian

Eneko Azkarate 2014ko urt. 6a, 12:09

Antzuolarren golaren osteko irudia, poz-pozik, eta bergararrak etsita.
Bergarak eta Antzuolak bana berdindu dute Agorrosin lokaztuan, urteko lehen partiduan. Mahoiak aurreratu dira lehen zatian eta luzapenean berdindu dute antzuolarrek. Partidu historikoa izan da gaurkoa, Ohorezko Erregionalean lehen aldiz lehiatu dira-eta bi herrietako futbol taldeak. Agorrosingo harmailak goraino bete dira, batez ere antzuolarrez. Realaren eta Athletic-en artekoaren aurretik, Bergarak eta Antzuolak jokatu dute lehen derbia.

Negu giroa gaur Agorrosinen eta tribunako harmailetan tokirik ez. 1.000 bat lagun hurbildu dira Bergara eta Antzuolaren arteko partidua ikustera. Egun berezia arrazoi askorengatik: lehen aldiz lehiatzen zirelako bi herriak Ohorezko Erregionalean; urteko lehen partidua izanagatik; derbia, euskal derbiaren egunean jokatu delako; ez ohiko orduan izan delako, domeka eguerdian; eta, azkenik, Errege bezperan jokatu delako, egutegian gorriz jarrita dagoen eguna Bergaran. Dagoeneko, parrandan dira bi taldeetako jokalariak…

Lehen zatian Bergara hobea

Lehen zatian etxekoek bukatu dute aurretik eta hobeak izan dira, gainera. Partidua, hasi, bisitariek hasi dute hobeto, baina bost minutuko kontua izan da. Hortik aurrera, bergararrak nagusitu dira: hobeto mugitu dute baloia eta haienak izanak izan dira aukerarik garbienak, gutxi izan badira ere.

Bergararrek erakutsi dute min handia egiteko jokalariak dituztela azken laurdenean eta golegile azkar, bizi eta indartsua dutela aurre-aurrean: Eneko Ibarluzea.

Harek egin du gola, bergararren jokaldi eder bati amaiera emanez. Ezkerreko hegaletik egindako erasoaldi baten ostean etorri da: Ilzarbek ederki erdiratu du eta Beitiak errematatu du buruz. Iturbe antzuolarren atezainak geratu du lehen errematea, baina Ibarluzeak jaso du aldaratutako baloia eta sareetara bidali du. Merezitako gola, etxekoak hobeto ari ziren-eta.

Lehen zatian Bergara izan da nagusi eta aukerak izan ditu atsedenaldira abagune handiagoarekin joateko. Oregik, esaterako, aukera izan du bigarrena sartzeko, 42. minutuan, jokaldi bikain baten ostean.

Antzuola erasora, Bergara kontraerasora

Bigarren zatian antzularrak izan dira grinatsuago eta gogotik saiatu dira Sotoren inguruetara hurbiltzen. Behin eta berriro. Baina ahaleginak ustelak izan dira, oso aukera garbiak ez dituztelako sortu.

Bestetik, etxekoek atzera egin dute apur bat eta kontraerasora ateratzen saiatu dira. Lortu ere egin dute eta bizpahiru aukera garbi izan dituzte, baina ez dute Iturbe antzuolarrak babesten zuen atea zulatzerik lortu. Hein handi baten, Antzuolak atezain bikaina duelako, kategoriako onena, eta azken atzelaria izateaz gain, ate azpiko lanetan ere azkarra eta segurua delako. Hala, bigarren zatiko 10. minutuan, sekulako gelditua egin du Oregiren jaurtiketa kornerrera bidaliz. 40 metroko jaurtiketa egin du bergararrak, atezaina aurreratuta ikusita, baina Iturbek azken unean atera du eskua baloia kanpora botatzeko.

Partiduak hasitako bide beretik segitu du: antzuolarren eraso etengabe, baina aukera gutxikoak eta bergararren kontraeraso ustelak. Futbol zelaia geroago eta lokaztuago, baina gezurra badirudi ere, antzuolarrak hobeto moldatu dira berdegunean; izan ere, belar artifizialezko zelaian jokatzen ohituak daude Estalakoak.

Gainera, Bergarako entrenatzaileak bost aldaketa egin ditu, fisikoki irabazi nahian. Aldaketa batzuk, halere, behartuta egin behar izan ditu. Bigarren zatiaren erdian, esaterako, Eloi Crespo kapitaina min hartuta zegoelako aldatu behar izan du.

Partidua azken laurdenean sartu denean bilakatu da interesgarriagoa. Mahoiek eutsi diete gorrien erasoei. Antzuolarrek aukera garbiak ere sortu dituzte, gainera, Bergara atzean sartuta.

Luzapenean berdinketaren gola

Baina luzapenean heldu da berdinketaren gola: Aranbururi eskuan jo dio baloiak eta nahi barik izan bada ere bigarren txartela erakutsi eta kalera bota du Cuesta epaile donostiarrak. Falta. Aranak egin du jaurtiketa zuzena area ertzetik eta Sotok desbideratu du baloia, baina aldaratzea Asensiok hartu eta sareetara fusilatu du, harmailetan ziren ehunka antzuolarren gozamenerako.

Emaitza justua izan da, baina lelo aurpegiarekin eta amorru biziz joan dira aldageletara etxekoak. Izan ere, gola sartu eta bi minutura eman du amaitutzat lehia epaileak. Aurretik, baina, bigarren gola egiteko aukera izan du Bergarak. Garbi-garbia, gainera. Josu Diazek izan du bere hanketan, baina ez du lortu eta bukaera eman du epaileak.

Juanina Garai antzuolarren entrenatzailea ahoan irribarrea zuela ikusi dugu aldagelarantz; Aitor Arrate, bergararrena, ostera, haserre, etsita, azken partiduetan puntu asko galdu dituztela-eta, amaierako minutuetan.

Domeka eguerdirako ikuskizun polita izan da Agorrosinera hurbildu direnendako. Bereziki, Antzuolakoendako, ondoko herrikoak sailkapenean azpitik ikusten jarraitzen dituztelako eta azkeneko urteetan izan dituzten partiduetan ez dutelako bergararren aurka galdu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak