2014an hainbat zerbitzu eta produkturen prezioak gora

Irati Goitia 2014ko urt. 3a, 19:02

Urte berriak prezioen garestitzea ekarri ohi du eta 2014a ere ez da salbuespena izango. Argindarra, bidesariak eta zergak izango dira, besteak beste, urtarrilaz batera gora egin duten prezioetako batzuk. Haserre aurkitu dugu jendea kalean.

Poltsikoan gehien igarriko duguna argindarraren gorakada izango da. Izan ere, %2,3 garestituko da 2014ko lehen hiruhilekoan. Gasaren eta butanoaren prezioa, bestalde, berdin mantenduko dira lehen seihilekoan.

Bidesariek ere gora egin dute. AP-1 eta AP-8ko autobidetako bidesariak % 3,5 igo dira. Trenez bidaiatzea ere garestiagoa izango da, bataz-beste %1,9koa izango da igoera. Eta Aireportutako tasak, %0,9 igo dira. Horrek eragin zuzena izan ohi du hegazkin txarteletan. Autobus zerbitzuari dagokionez, gure bailaran Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzuan ez da igoerarik aurreikusten printzipioz.

Correos-ek eskaintzen dituen zerbitzuen tarifak, berriz, izoztu egingo dira.

Bestalde, Espainiako Gobernuak, %1,5 igoko du sendagaien ordainketa partekatua pentsiodunentzat. Eta aurreikusten da betaurreko eta ukipen-lenteen BEZa %10ekoa izatetik %21ekoa izatera pasako dela, baina oraindik ez da onarpen ofizialik.

Gogora ekarri behar da baita udal zergek ere gora egin dutela.

Horrenbestez, erosketa ahalmenak behera egiten jarraituko du urte berriarekin. Izan ere, soldata gehienak izoztu edo jaitsi egingo dira. Esaterako, 645,30 eurotan ezarrita dagoen gutxieneko soldata izoztu egingo da, eta langile publikoek ere berdin kobratzen jarraituko dute.  Bestalde, lehen urtea izango da, pentsioen igoera, pentsioen erreforma legean onartu zen forkularen arabera egingo dena eta ez KPIaren arabera. Eta errenta aitorpeneko beste igoera batzuk jarriko dira indarrean aurten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak