"Esan ziguten datatik bi egun pasata zeuden arren, ez genuen ideiarik ere hain momentu seinalatuan jaioko zenik" kontatu zigun atzo, eguena, Ainarak, 2014an Debagoieneko ospitalean jaio den lehen umearen amak. Noa Bacigalupe Mugica da bera, eta 00:30ean etorri zen mundura. "23:10ean irten ginen etxetik, Etxebarritik, 00:10ean sartu ginen ospitalean eta 00:30erako jaiota zegoen. Justu-justu mahatsa jaten utzi genien langileei!" gaineratzen du jaioberriaren amak.
3,2 kilo pisatu zuen jaiotzean Noak, eta amak azaldutakoaren arabera, erditzean dena ondo joan zen: "Oso azkarra izan da, puntu gabea, naturala. Dena bikain joan da".
Etxebarritik Debagoienera
Bilbo ondoko herri batekoak izanda umea izatera Debagoienera etorri izanaren inguruan galdetuta, hemengo ospitalean erditzearen inguruan duten filosofia aipatzen du amak: "Erditze naturalaren aldekoagoak dira, gehiago konbentzitzen gintuen eta animatu egin ginen. Gure lehen umea ere, Erik, bertan izan genuen".
Ospitalean oso ondo zaindu dituztela esan arren, etxera itzultzeko gogoz daudela gaineratu zuen Ainarak, eta gaur bertan joango dira Etxebarrira. Argazkietarako-eta lotsatia dela dio amak, baina ibarreko lehen umea izateak izan du oihartzuna hedabideetan, eta hala, anekdotaren froga moduan, agertu diren egunkarien aleak besapean dituztela joango dira Bizkaia aldera.
2013ko azkena, aretxabaletarra
2013an Debagoieneko ospitalean jaiotako azken umea mutiko bat izan zen; Markel Eraña Urbina aretxabaletarra, hain zuzen ere. Martitzeneko 19:45ean heldu zen mundura aretxabaletar txikia.