Hain justu ere, batzar nagusian onartutakoa da kuota gaur egungo urteko kontsumo aurrerakin gordinaren %3tik %6,5era igotzea. Edozelan ere, kuotaren igoera hori beste prestazio batzuen murrizketarekin konpentsatuko da partzialki eta, ondorioz, kooperatiben urteko lan kostuaren gainean izango duen eragina %1,5 inguru izango da, kontsumo aurrerakinak berdinak izanik. Urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dute igoera hori. Lagun Arok gogorarazi du neurri horiek Enplegurako Laguntzari dagokiela bakarrik, baina ez Mondragon Taldearen beraren pentsio-sistemari: "Kapitalizazio sistema espezifikoaren bidez (funtsak aplikatuta) finantzatzen da eta sistema hori, gainerako prestazioetatik bereizita dago eta ez du egoera horren eragina jasaten", diote.
Balio kooperatiboak indartuta
Fagor Etxetresnek hartzekodunen konkurtsoa eskatu eta geroko egoeraren ondorioz sortutako beharrei erantzutea da Lagun Arok hartutako erabakien helburua. Arrasateko BGAEren arabera, erabaki hori "kooperatibetan egiten ari direnaren osagarria da; izan ere, langabeziaren eragina jasan duten bazkideak birkokatzeko hartutako konpromiso irmoa gogorarazi beharrekoa da eta, horrekin guztiarekin, mugimendu kooperatiboaren ezaugarri diren balioak (elkartasuna, interkooperazioa eta erantzukizuna) berretsi dituzte".