Realak Aretxabaletan lortutako garaipenaz agurtuko du urtea

Xabier Urtzelai 2013ko abe. 31a, 15:57
Realak irabazi du Arizmendik antolatzen duen Gabonetako Emakumezkoen Futbol Torneoa, finalean Athletici 3-1 irabazi ostean. Txarto hasi dira txuri-urdinak, eta bilbotarrek ondo aprobetxatu dute hori Ibarrako berdegunean 0-1ekoa egiteko. Baina, zelaian lekua hartuta, baloi geldiko jokaldietan min galanta egin diete Realekoek Athleticekoei, izan ere, hiru golak korner erdiraketen ondoren lortu dituzte. Debagoieneko selekzioak, ostera, lan txukuna egin du, goizeko lehen orduan Reala gainetik pasa bazaie ere, goiza zuzentzea lortu dute, eta Osasunaren aurretik sailkatu dira.

Aipatu moduan, Realak indartsu hasi du goiza, eta 09:30ean hasitako partiduan Debagoieneko neskak loak hartuta harrapatu dituzte, 0-4koa egiteko. Emaitza horrek, baina, etxekoak esnarazi ditu, eta ondorengo partiduetan askoz ere txukunago jardun dute. Hain zuzen, hori izan da gol gehien izan dituen partidua, gainontzekoetan lehia parekatuagoak izan direlako. Txisko eta Ezkurraren taldearendako, baina, Osasunaren kontrako partidua izango zen, seguruenik, zapore gozoena utzi diena, selekzioko ordezkariak nafarrak mendean hartzeko gauza izan dira-eta. Azken lehian, Athleticen kontrakoan, baina, zuri-gorriak gehiago izan dira. 

Debagoieneko selekzioko neskak, talde argazkian

Hala, 13:00ak aldera hasi dute finala Realak eta Athleticek. Goizeko kanporaketa partiduan txuri-urdinak gehiago izan dira (1-0), eta Athleticekoak errebantxa gogoz irten dira. Eraso gose handiagoz irtenda Athleticekoek egin dute 0-1ekoa, baina lehen aipatu moduan, Realak min handia egin die baloi geldiko jokaldietan (3-1).

Realeko kapitaina, Aretxabaletako kirol zinegotzi Tomasen eskutik saria jasotzen.

Torneoko partiduen emaitzak:

Debagoieneko selekzioa- Reala (0-4)

Osasuna-Athletic (0-0)

Reala-Athletic (1-0)

Debagoieneko selekzioa-Osasuna (1-0)

Osasuna-Reala (0-1)

Debagoieneko selekzioa-Athletic (0-1)

Finala: Reala-Athletic (3-1)

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak