Ia dena prest 'Peter Pan' Buesa Arenan eskaintzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 26a, 12:38
Bai halaxe da. Hilaren 29an antzeztuko du Bergarako Musika Eskolak Gasteizko Buesa Arena pabiloian 'Peter Pan' musikala, Pikupe Produkzioen eskutik. Bi saio izango dira, 16:30ean eta 19:30ean, eta dagoeneko azken ukituak ematen ari dira emanaldi egunerako dena prest egon dadin. Hilaren 23an aurkeztu zuten ikuskizuna Gasteizen.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Itziar Lamarain, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Jesus Vazquez, Saski Baskoniako gerentea; Maria Jesus Ugalde, Bergarako Musika Eskolako zuzendaria; Karlos Etxaniz, Pikupe Produkzioen arduraduna eta baita ikuskizuneko hainbat pertsonaia ere.

Hilaren 29an, datorren domekan, eskainiko dute Peter Pan musikala Gasteizen eta bi emanaldi egongo dira, 16:30ean eta 19:30ean, Buesa Arena pabiloian. Hala, saskibaloian egiteko gunea antzoki bilakatuko dute, nahiz eta ez duten pabilioi osoa erabiliko; akotatu egingo dute gunea: "Eszenatokia kantxan jarriko dugu eta harmailei dagokienez, laurden bat erabililo dugu, eszenatokiaren parean geratuko diren harmailak, hain zuzen. Gainera, mundu guztiak ondo ikus dezan, eserleku kopurua alboetara barik, atzerantz zabaldu dugu, hau da, harmailetan gora egin dugu, antzokietan bezala, Buesa Arenak hori ahalbidetu egiten du-eta", esan du Karlos Etxaniz Pikupe Produkzioetako arduradunak. Horrekin batera, soinuari ere egin dio erreferentzia: "Duela ez asko egokitzapen lanak egin zituzten pabilioian; soinua ere asko zaindu zuten eta orain aproposa da halako ikuskizun baterako. 2012ko handitze lanen artean, kupula kendu ondoren akustika oso ona dauka".

Ikuskizun handia

Peter Pan euskaraz egiten den formatu handiko musikal bakarra da gaur egun. 150 artistak egiten dute lan bertan –musikari, aktore tramoiari...– eta guztiak dira Bergarako Musika Eskolaren parte, hau da, bertako ikasle, irakasle eta guraso dira. Kalitate artistiko handiko ikuskizuna da eta istorio oso bat kontatzen da bertan, zuzeneko musika eta ahotsarekin.

Halako ikuskizun erraldoiak euskara hutsean egitea eta kanpotik datozen erdarazko produkzio profesionalei aurre egitea ia ezinezkoa da, Karlos Etxanizek azaldu duenez, baina eurak ez dute bide horretan etsiko.

Donostian eta Bilbon dagoeneko eskaini dute musikala, arrakasta handiarekin, eta orain Gsteizen txanda da: "1994. urtean Miserableak Gasteizko Principal Antzokian egin ondoren ez dugu beste musikalik antzeztu Gasteizen".

Sarrerak erosteko (10 eurotik aurrera): www.baskonia.com, www.pikupe.com

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak