Saskibaloi torneoak gaurtik hasita Arrasaten eta Bergaran

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 26a, 09:26
Neska-mutikoak Bergarako Udal Pilotalekuan Hirunako Saskibaloi Txapelketan.
Gabonetako lehen betekada jaisteko saskibaloia izango da protagonista Arrasaten eta Bergaran gaur hasi eta datozen egunetan. Arrasateri dagokionez, Ointxe!-k antolatutako Gazteen Gabonetako Torneoa hasiko da gaur; Bergaran, berriz, Hirunako Saskibaloi Txapelketa.

1968an jokatutako lehen saskibaloi partidua gogoratuko dute Arrasaten. Hain zuzen, aurten 45 urte bete dira Arrasaten lehenengo saskibaloi partidua jokatu zutenetik. Iturripen izan zen lehenengo partidu hura, eta 45 urte geroago, orduko jokalariak omentzeko asmotan lagunarteko partidua jokatuko dute Gabonetan MUko mutilek.

Hain zuzen, hitzordu berezi hori Ointxe!-k antolatu duen Gazteen Gabonetako Torneo barruan jokatuko dute, egitaraua osatuz. Hala, datorren egubakoitzean, hilak 27, MUko senior mailako jokalariek lagunartekoa jokatuko dute EBAko Easo talde donostiarraren kontra (19:00, Iturripen).  

Gabonetako Torneoari dagokionez, gaurtik, hilak 26, hasita, Errioxako, Kataluniako, Madrilgo eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira zein baino zein gehiago Iturripen. Hala, Easo A, Cornella, Clavijo, Getafe, Tabirako Baque eta MUk hartuko dute esku torneoan. Hala, lehenengo partidua gaur jokatuko dute (15:45), eta Easo eta Clavijo hasiko dira motorrak berotzen –hiru partidu izango dira arratsaldean, eta MUk 17:45ean jokatuko du. Goizean, baina, Saski Eskolako topaketak egingo dituzte Iturripen (09:00-14:00).

Abenduaren 27a infantil mailako taldeen topaketaz hasiko dute (09:00-10:30), eta 12:45ean hasiko dituzte gazteen partiduak. Eta abenduaren 28an finala egongo da jokoan (12:00), baina lehenago torneoko beste sailkatuak zelan geratzen diren erabakitzeko partiduak izango dira. Informazio gehiago, Ointxe!-ren webgunean.

Bergaran Hirunako Saskibaloi Txapelketa

Bergarari dagokionez, azken urteetako ohiturari jarraiki, saskibaloi partidu entretenigarriak izango dira nagusi eta goizez zein arratsaldez izango dira norgehiagokak. Goizeko saioak 10:00tatik aurrera izango dira eta arratsaldetakoak 16:00etan hasita. 3X3ko Txapelketa hau bi egunetan ospatuko da, gaur, eguena eta bihar, egubakoitza.

Hurrengo bi egunetan aldiz, 28an eta 29an, haur mailako neska-mutilen txanda izango da. Saskibaloian arituko dira ere gaztetxoak baina kasu honetan, Labegaraietan lehiatuko dira 10:00tatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak