2014ko Gipuzkoako aurrekontua onartu dute, EAJ abstenituta

Julen Iriondo 2013ko abe. 23a, 14:48
758 milioi euro pasatxo izango dira. Bilduren eta Aralarren aldeko botoa jaso du Batzar Nagusietan, PSE-EEren eta PPren kontrakoa, eta EAJ abstenitu egin da. Ekonomia sustatzeko 15 milioi euroko poltsa hitzartu zuten Bilduk eta EAJk, jeltzaleen abstentzioa lortu eta aurrekontuak aurrera egin zezan.

Agintaldian Bilduk aurrera ateratzen duen hirugarren aurrekontua da, 2012an EAJrekin akordioa eginda eta 2013an PSE-EEk ahalbidetuta onartutakoen ostean.

Martin Garitano ahaldun nagusia pozik agertu da aurrekontuak aurrera egin izanagatik: "Oso positiboa da oraindik zaila izango den 2014ari aurre egin ahal izateko aurrekontua edukitzea".

Garitanok iragarri du Bilduk eta EAJk adostu dutela aurrekontu akordioaren jarraipen batzorde bat sortzea, jeltzaleek ala proposatuta. Jeltzaleen eskaria "oso arrazoizkotzat" jo du ahaldun nagusiak, eta Bilduk "normaltasun osoz" onartzen duela gaineratu.

EAJko bozeramaile Markel Olanok ere "albiste on" jo du Gipuzkoak 2014rako aurrekontua edukitzea, nahiz eta iragarri duen bere alderdiak jarraituko duela ekonomia sustatzeko "foru arau proposamen bat lantzen".

"EAJk erantzunkizunez jokatu du, baina horrek ez du esan nahi amaitu denik ezker abertzalearekiko borroka politikoak", esan du Olanok.

Aurrekontuaren kontra bozkatu duten alderdietan, PSE-EEko Eneko Anduezak adierazi du Bilduk eta EAJk adostutakoa "gutxiegi dela, ez dela eraginkorra eta ezta baliagarria ere".

PPko bozeramaile Juan Carlos Canok, ostera, adierazi du ez duela sinisten "ia hiru urte elkarri egurka" daroaten bi alderdiren arteko akordioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak