Ordainduk urteko azken elkarretaratzea egin zuen atzo

Imanol Gallego 2013ko abe. 20a, 12:47
Ordaindukoek atzo egin zuten urteko azken elkarretaratzea.
Ordaindu plataformak asteon izandako bileren ondoren elkarte bihurtzeko tramiteak hasiko dituela aurreratu zuen Biteri plazan. Atzokoa urteko azken elkarretaratzea izan zen, eta Gabon ostean, urtarrilaren 9an, egingo dute hurrengo bilkura.

Ordaindu plataformako Mikel Olabek argitu moduan, plataformako zenbait kide Fagor Taldeko kontseiluarekin batu dira. Bertan jakin zuten, kaltetuei ordaintzeko fondoa sortzeko proposamena Fagor Etxestresnek egin behar duela, ondoren Korporazioari bidaltzeko. Olabek ez zuen oso ikuspegi baikorra azaldu, hala ere, plataformak protestekin jarraitzeko asmoa duela azaldu zuen. 

Bilera gehiago

Aste honetakoa ez da azken bilera izan. Hasiera batean, Kooperatiben Legeari zegokiola argudiatuz, Kontsumobidek kooperatibistekin batzartzeko zitari uko egin arren, Jaurlaritzako kontsumoaren institutuak atzera egin, eta abenduaren 30ean batuko da kaltetuekin.

Ordaindu elkartea eratuko da

Azken Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, Fagor Etxetresnen hartzekodun lehiaketak ez du atzera bueltarik. Hemendik aurrera epe jakin batzuk bete beharko dira eta plataforman hasi dira egoera berri honen aurrean antolatzen. Hartzekodunen lehiaketan aurkeztu ahal izateko urtarrilaren 23ko batzarrean, plataforma elkarte bihurtuko da. Bilera horretan aurreratzean zein protesta mota jarraituko duten ere erabakiko dute.

Ordaindutik kaltetu guztiak plataformarekin bat egitera deitu dituzte. Horretarako, nahi duen guztiak, bere izen-abizenak ordaindu123@gmail.com helbidera bidali beharko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak