GI-632 errepide berriko Deskargako tunelaren bi aldeak elkartu dituzte

Irati Goitia 2013ko abe. 20a, 20:05
Antzuolatik Urretxurako noranzkokoan dagoen tunelaren bi aldeak elkartu dituzte gaur goizean. Larraitz Ugarte, Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua, Deskargako lanetan izan da eta poza azaldu du lanak bide onetik doazelako.

Bidegi eta Gipuzkoako Foru Aldundia GI-632 errepide berriko (Beasain-Bergara) azken bi zatiak egiten ari dira eta gaur  Urretxu-Antzuola zatiko Deskargako tunelaren bi aldeak elkartzea lortu dute. Hain zuzen,  Deskargako mendatea saihesteko eraikitzen dabiltzan tunela da, Antzuolatik Urretxurako noranzkokoan. Tunela 650 metro luze da eta norabide bakoitzean hodi bat du (bi errei norabide bakoitzean). Oinezkoentzako bi larrialdi irteera izango ditu, tunelaren norabide baterako hodia beste norabidekoarekin lotuz. Aldunditik zehaztu dute tunela eraikitzerakoan hainbat arazo izan zirela, luiziak izan zirelako, baina arazo horiek konpondu direla eta lanak martxa onean doazela aurrera.

"Lanak bide onetik"

Tunelaren zulaketa gaur amaitzen zela aprobetxatuz, Larraitz Ugarte, Azpiegitura eta Mugikoetasun diputatua, lanetan izan da eta bertan poza azaldu du lanak bide onetik doazelako: “Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lan handia egiten ari dira GI-632 errepide berria 2015eko apirilerako errealitate izan dadin, eta gaurkoa bide horretan urrats garrantzitsua izan da". Gaineratu du errepide hau Aldundiarentzat oso garrantzitsua dela, Gipuzkoa eta Euskal Herria egituratzerako estrategikoa delako.

Bestalde, Ugartek esan du Deskargako lanak eredugarri izatea nahi dutela : "Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi nahi dugu: bai, lan arloan sindikatuekin elkarlanean lan hitzarmena bete dadin; bai, diru publikoaren kontrol zorrotza eginez eta baita lanak garaiz bukatuz”.

Urretxu-Antzuola

Urretxu-Antzuola zati berria 2011ko uztailean hasi ziren eraikitzen eta 30 hilabeteko epea dago lanak bukatzeko. Beraz, obra zibila bukatzeko epea 2014ko urria da, eta ondoren, instalazioetako obra egin beharko da. Lanak Bidegiren zuzendaritzapean egiten ari dira Amenabar eta Moyua enpresak.  42,8 milioi eurotan (gehi BEZ) esleitu zitzaizkien lanak.

Zati honek 2.760 metro izango ditu, norabide bakoitzean bi erreirekin. Ibilbidean gehieneko aldapa %5ekoa izango da eta punturik altuenetik baxuenera 29 metroko desnibela egongo da.

Antzuola-Bergara

Beasain-Bergara ardatzeko azken zatia, Antzuola eta Bergara artekoa da. Hori Gipuzkoako Foru Aldundia ari da eraikitzen, Moyua eta Antzibar enpresen bidez. 41 milioi euroko (gehi BEZ) aurrekontua du. Zati hau 2015eko apirilerako bukatzea aurreikusi da.

GI-632 errepide berriak, amaitutakoan, 23 kilometro izango ditu eta norabide bakoitzean bi erreikoa izango da. Lehenengo zatia, Beasain eta Zumarraga artekoa, 2006an ireki zen. Bigarrena,  Zumarraga-Urretxu zatia, 2012ko ekainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak