Bergarako ezohiko osoko bilkurak onartu du Toberara joatea

Imanol Gallego 2013ko abe. 19a, 17:52
Hurrengo zapatuko epaiketari izaera ofiziala emateko, gaur –eguaztena– Bergarako osoko bilkuran ezohiko batzarra egin dute herria Toberara joango den edo ez erabakitzeko. Bertaratu diren bi zinegotzik kontrako botoa eman duten arren, gehiengoak, Aupa Miren Etxebesteren argudioei kasu eginez, aldeko botoa eman dute.

Azalkeria, harropuzkeria, itxurakeria... tankera horretako hamaika salaketa aipatu ditu Aupa Miren Etxebeste abokatuak. Bere ustez, bergararrak estilosoak dira, baina ez harroputzak. Osoko bilkuran, baina, abokatua ez da bakarrik egon, eta egun horretarako pregoilari izango den Azkaiter Peloxek ere argi utzi du Bergara defendatzeko prest dagoela.

Alkate anderea ere akusazioen kontra azaldu da eta Toberara joateko asmoa erakutsi du. Osoko bilkura bukatzeko, proposamena bozkatu dute eta, bi zinegotzik kontrako botoa eman duten arren, gainontzekoek mozioa babestu eta On Prudentzio Piperrauts epailea buru izango duen ekitaldira joatea erabaki dute.

Horretarako falta diren hamar egun hauetan akusazioak baztertzeko argudioak batzen jarraitu beharko du  abokatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak