GOIENA.NET-eko erabiltzaileek urteko onena eta txarrena aukeratzeko inkestaren emaitzak dira. Botoa emateko aukera abenduaren 17ra arte izan da, horregatik ez dago erreferentziarik abenduaren 22an Gabonetako loteriako lehen saria Arrasaten tokatu izanari. Datu guzti hauen berri eta beste hainbat debagoiendarren iritziak 2013an eman duenaren gainean, Goiena papareko urtekarian dituzue.
Elkartasuna, krisiaren aurrean erakutsitako elkartasun keinuak, mundu mailako protestak, makro-epaiketak, azpiegitura proiektu handien inpaktua (AHT), Nafarroako Gobernua edo eskuin muturreko joeren gorakada, ustelkeria… ere aipatzen dituzte herritarrek.
Pertsonaiak
Iñigo Urkullu, Xabi Alonso, Markel Irizar, Irati Mujika, Arnaldo Otegi, Nelson Mandela, Edward Snowden… dira herritarrek aipatzen dituzten beste pertsonaia batzuk. Dagoeneko politikatik erretiroa hartuta dagoen Ibarretxerekin ere akordatu da bat edo beste. Baina aipatuenak dira Aita Santu berria, Nelson Mandela edo Amets Arzallus.
Bake eta elkarbizitza
Inkestan aipatuak izan dira, era berean, bakea edo duela aste batzuk, Bilbon, "biktima bati egindako omenaldian sentsibilitate politiko guztietako —edo gehienetako— ordezkariak batu izana eta familiak erakutsitako konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko jarrera" ere.
Hiri hondakinak
Hiri hondakinen kudeaketari dagokionean, aurkitu ditugu atez ateko bilketaren aldekoak eta erabat kontrakoak ere, lehenengoak gehiago badira ere. Errauskailua itxi izana aipatzen dutenak ere badira. Eta hainbat politikoren izenak ere jarri dituzte inkestan herritarrek, bai onerako eta baita txarrerako ere.
Anekdota moduan, aipatzekoa da batek edo bestek jarri izana eskualdeko pertsonaien artean "Atxabaltako basurdea".
Parte hartzea
Parte hartze handia izan da eta horrek erakusten du halako inkestak gustuko dituztela herritarrek eta euren iritziak edo gustuak plazaratu nahi dituztela.
Goienak eskerrak eman nahi dizkie inkesta honetan beren aukeraketa egin eta 2013ak bai hemen eta baita munduan ere eman duenaren berri emateko Goiena.net-eko inkesta bete dutenei.
Hemen, inkestaren emaitzak (boto gehien jaso dituzten hiru aukerak jarri ditugu kategoria bakoitzean):
Debagoieneko onena
- Atez atekoa jarri izana %32
- Atez atekoaren kontrakoak %15
- Bidegorri sarea %8
Debagoieneko txarrena
- Fagor Etxetresnen itxiera %40
- Atez ateko bilketa ezarri izana %20
- Iosu Lizarralderen jazarpena %10
Euskal Herriko onena
- Reala Txapeldunen Ligan %40
- Elikagaien bankuaren lana %12
- Ikurrina San Ferminetan %9
Euskal Herriko txarrena
- Jazarpen politikoak %35
- Euskaltelen agurra %25
- Nafarroako Gobernua %10
Munduko onena
- Kolonbiako bake prozesua %33
- Kataluniako jendartea %18
- Herritarren mobilizazioak %11
Munduko txarrena
- Filipinetako hondamendia %40
- Eskumako muturrekoen gorakada %17
- Erreformak: LOMCE... %12
Debagoieneko pertsonaia
- Mikel Gonzalez %41
- Irati Mujika %14
- Markel Irizar %13
Euskal Herriko pertsonaia
- Amets Arzallus %38
- Xabi Alonso %22
- Iñigo Urkullu %10
Munduko pertsonaia
- Francisco I Aita Santua %42
- Nelson Mandela %31
- Edward Snowden %12