%3,7 igo da azaroaren 30a arteko zerga bilketa metatua Gipuzkoan

Leire Kortabarria 2013ko abe. 16a, 10:14
Lehenengo hamaika hilabeteetako zerga bilketa pilatuan, iazko epe berean baino %3,7 gehiago jaso da.

Zerga garrantzitsu gehienetan batu da diru gehiago. Zuzeneko zergak %2,7 igo dira iazko azarora arteko epearekin konparatuta, eta zeharkakoak, %4,9.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZ zerga %7 igo da; Ondare Zerga, %25,6; eta Sozietateen Gaineko Zerga, %11,5.

Sozietateen Gaineko Zerga ez da erreformatuko

Gipuzkoako Foru Aldundia pozik dago emaitza horrekin, eta, bere esanetan, "ezarritako helburuak betetzeko bidean" daude; hain zuzen ere, 2013ko aurrekontuak onartu zirenean, zerga-bilketa %4,4 hobetuko zela aurreikusten zuten. Emaitzak "are baikorragoak" dira, bere esanetan, azaroan herrialdeen arteko BEZen doiketa jaso ez dela kontuan hartuta. Doiketa edo ajuste hori abenduan egingo dute erkidegoko herrialdeen artean.

Zergei dagokienez, Foru Aldundiko gobernuak albiste txarra jaso zuen joan den astean, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek Sozietateen Zerga erreformatzeko proiektuaren kontra bozkatu eta Batzar Nagusietatik kanpo utzi zutenean. Erreforma horrek enpresa eta kooperatibendako zerga handiagoak ezartzea ekarri izango zukeen, kontuan hartuta gaur egun enpresendako dauden zerga-tipo nominalak ere ez direla betetzen, hainbat kenkari dituzte-eta enpresek errenta aitorpena egiteko orduan. Pasa den Sozietate Zergaren kanpainan, irabaziak aitortu dituzten enpresek irabazien % 11,8 ordaindu diote, batez beste, Ogasunari. Aitorpena egin duten enpresa guztietatik (22.247), erdiek baino gehiagok ez dute irabazirik aitortu 2012an. Irabaziak izan dituzten 6.918 sozietateen artean, 1.152 milioi pasatxo aitortu dituzte. Denen artean 135,5 milioi ordaindu dituzte Sozietate Zergarengatik.

EAJ, PSE-EE eta PPren arteko adostasunak bertan behera utzi du Bilduren zerga-erreforma globala borobiltzeko geratzen zitzaion aldaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak