Bi gol ikusgarri jasota, merezi ez zuen zigorra ordaindu zuen Aretxabaletak

Xabier Urtzelai 2013ko abe. 15a, 22:22
Ezintasuna eta amorrua, biak batera. Sentimendu horiek batuta erretiratu ziren Aretxabaletako jokalariak aldagelara, epaileak partiduaren amaiera adierazi zuenean. Eta, baliteke epaileak hartutako zenbait erabakik amorru sentsazioa areagotzea, baina gehiago izan zen beste partidu bat zelan joan zitzaien ikustea, kontrarioak apartekorik erakutsi ez zuenean.

xabier urzelai  |  aretxabaleta

Ezintasuna eta amorrua, biak batera. Sentimendu horiek batuta erretiratu ziren Aretxabaletako jokalariak aldagelara, epaileak partiduaren amaiera adierazi zuenean. Eta, baliteke epaileak hartutako zenbait erabakik amorru sentsazioa areagotzea, baina gehiago izan zen beste partidu bat zelan joan zitzaien ikustea, kontrarioak apartekorik erakutsi ez zuenean. 

Golak, ederrak 

Apartekorik ez erakustea, baina, nahiko erlatiboa izan daiteke. Beste norbaitek esango du ea zer gehiago erakutsi behar den kategoria honetan, Beti Gaztek bi golazo egin zituelako –azkenaldian ez dute besterik jasotzen– eta gero, errenta hori ederki defendatzen asmatu zutelako. 

Grabatzeko modukoak, golak 

Partiduko 18. minutuan eman zuen Etxebeste lesakarrak lehenengo kolpea (0-1), kontraeraso baten ostean eskuin hankaz egindako jaurtiketa saretara bidalita. Lehenago, Imanolek barneraketa on bat egin zuen, baina eskuin hankaz ez du ezkerraz duen trebezia. Bada, lehenengo gola ona izan bazen, bigarrenaren jaurtiketa jardunaldiko onenetako bat izango zen, seguru (0-2). 

Hala, berdegunean ziren jokalariak sinistu ezinda zeuden, jokoari dagokionez apartekorik egin barik, izandako aukera apurretan Lesakakoek erakutsitako punteriaz. Orokorrean, baina, lehenengo zatia joko aldetik txarra izan zen. 

Erasora, ez zegoen besterik 

Bigarren zatia hasi eta gutxira egin zuen Perezek esperantza piztu zuen gola (1-2), Sanchezek hasitako jokaldia Gillenek errematatu, eta ia marra gainean Perezek saretara bultzatu zuenean. Ordurako Valle entrenatzaileak erabakia hartua zuen: erasoko artilleria dena berdegunera. Hala, jarraian irten ziren Zaitegi, Apraiz eta Piru, eta hiru defentsen aldeko apustua eginda, Beti Gazte bere zelai erdian sartu arazi zuten. UDAkoei ezin zaie gogo txarra aurpegiratu, ezta motibazio falta ere; behin eta berriro saiatu ziren, baina bolada txarra eteteko zorteak bizkarra eman zien. 

Aretxabaletako atletak omendu zituzten

Beti Gazteren kontrako partidua hasi aurretik UDAk bost minutu hartu zituen ekimen eder baterako, Aretxabaletako herriak eman dituen atleta onenak omendu nahi izan zituzten.

Hala, Fernando Aguilar El galgo, Adolfo Manteca, Belisario Manteca, Lurdes Izurritegi, Ramon Jauregi eta Joseba Larrinaga omendu zituzten, garai ezberdinetako atletak, eta zenbait oroigarri eman zizkieten euren senideei. Jakin, besteak beste, atleta horiek egindako lorpenak erakusgai daudela Arkupen dagoen erakusketan (abenduaren 30era arte zabalik).

Oiartzunek lau gol Agorrosinen

Bergara ondo aurreratu bazen ere, Oiartzunek ez zuen inongo momentuan amore eman, eta partidua irabazteko gauza izan ziren. Bergarakoen lehenengo gola Jokinek egin zuen, epaileak oparitutako penaltia saretara bidali ostean. Iñigok egin zuen 2-0ekoa, eta ondoren, Oiartzunek partidua berdindu zuen (2-2). Bergarak ostera ere aurrea hartu zuen, Enekoren bidez (2-3), baina ondoren etorri ziren Oiartzunen bi golak.

Aloñak, "Urteko partidu txarrena"

Oñatiko entrenatzaile Andoni Azkargorta ez zegoen gustura Gasteizko Aurreraren kontra egindako partiduaz: "Lehenengo zatian egin dizkigute bi golak. Defentsan makal ibili gara, eta erasora nondik jo asmatu ezinka. Bigarren zatian, ostera, defentsan hobeto jardun dugu, baina erasoan ez dugu asmatu", adierazi zigun: "Gu ere aulkitik ez gara oso fin aritu, hortan, danok txarto".

Mondrak puntu bat ekarri zuen Mutrikutik

Sailkapenak erakusten duen parekotasun berbera islatu zuten Mutrikuk eta Mondrak berdegunean, partidua 0-0 amaitu zuten-eta. Eta hori, Mutrikuk hamar jokalarirekin amaitu zuela partidua, baina hori ez zen nahikoa izan kostaldekoen atean saria jasotzeko. Mondrak zazpi puntura du liderra.  Mondrako emakumezkoek, ostera, errepaso galanta jaso zuten, Gasteizko Aurrera taldearen aurrean hamasei gol jaso zituztelako. Zoritxarrerako, oso luzea egin behar zaie denboraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak