Arantzazuko Asis Topaguneko hitzaldi aretoa bete egin da gaur goizean gertuko pertsona bat galdu izanagatik dolu prozesuan dauden hainbat herritarrez. Gabonek badute beste konnotazio bat doluan dauden pertsonendako. Izan ere, tradizionalki familian igarotzen ditugun festa egun horietan, maite dugun pertsona baten galerak eta haren falta somatzeak suposatzen duen karga emozionala, benetan zaila da eramaten kasu gehienetan. Hori horrela, doluan direnei arreta eskaintzen dien Bidegin elkarteko Izaskun Andonegik, doluaren prozesuez berba egin du; dolu hori gainditzen laguntzeko aholkuak eman ditu eta ez hori bakarrik, izan ere, doluan dagoen pertsona hari ere lagundu ahal izateko gomendioak eman ditu.
Testigantzen unea izan da une gogorrenetariko bat, emozioek gainezka egin baitute une horretan. Bukaeran aretoan zegoen Gabonetako zuhaitz baten, bertaratu bakoitzak galdutako bere senitartekoaren izena zeraman bolatxoa ipini du zintzilik. Une hori, Amaia Artze biolin jotzaileak lagundu du biolinaz; oso une gogorra izan da.
Hirugarrengoz antolatu dute Frantziskotarrek dolua eta Gabonak lotzen dituen hitzaldia eta aurten ere, oso pozik daude goizak eman dituenekin: "Hitzaldira etorritakoek bukaeran balorazio bat egin dute idatziz eta den denek esan dute oso hitzaldi interesgarria eta lagungarria izan dela gaurkoa. Balorazio oso positiboa beraz. Datorren urtean ere antolatzeko bultzada eman digu horrek. Seguru beste bat egingo dugula" esan du Jose Mari Arregi Frantziskotarrak.