Aintzane Oiarbide: "Bankuei berdin zaie itzuli behar zaien dirua bidesarien bidez batutakoa edo Aldundiaren izatea"

Txomin Madina Milikua 2013ko abenduaren 13a

Larraitz Ugarte Azpiegitura eta Mugikortasun Foru diputatuak Deskargako bidesariaren inguruan esandakoei erantzun die gaur Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideak.

Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzalearen esanetan Larraitz Ugarte gezurretan ari da bidesarien inguruko erabakia derrigorrez foru arau bitartez arautu behar dela esatean. Oiarbidek gaineratzen du  bankuei berdin zaiela Aldundiak berme moduan bidesarietako dirua jartzea edo Aldundiak bere dirua jartzea; eta bere desadostasuna adierazi du Aldunditik planteatu duten Arkupe sistemaren inguruan.

Deskargan kamioiendako eta gainerako ibilgailuendakoa bidesaria jartzeko egin zuten proposamena berretsi du gainera batzarkide jeltzaleak, eta zehaztu du horrek ez duela eragozten gipuzkoarrentzat edo debagoiendarrentzat deskontuak egin ahal izatea.