Gipuzkoako EREen %8 Debagoienean egin dira azaroan

Leire Kortabarria 2013ko abenduaren 13a

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak enplegu erregulazioko 173 espediente izapidetu zituen azaroan. Gipuzkoan izapidetutakoen %8 Debagoienean izan ziren, gutxien dituen bigarren eskualdea, Tolosaldearen ondoren (%5) eta Goierriren portzentaje berarekin.

EAEn, azaroan, aurreko hilean baino % 9 ERE gehiago formalizatu dira, baina 2012ko azaroan baino ia %21 gutxiago.

Etendura espedienteak 95 izan dira; lan-jardunaldia murriztekoak, 70; eta iraungitze espedienteak, 12.

Espediente guztietatik, 106 aurreko baten jarraipena izan dira, eta 1.342 langileri eragin diete (%74). Erregulazio-espedienteek 1.813 langileri eragin diete 2013ko azaroan; aurreko hilean baino %15 gehiagori, baina 2012ko irailean baino %10 gutxiagori.

Iraungitze-kopurua 74 langile izan da, aurreko hilean baino %19 gutxiago eta 2012ko azaroan baino %27 gutxiago.

Sektoreka, lan-erregulazio espedienteen kopuru berbera izan da nekazaritzan eta eraikuntzan, jaitsi egin da industrian eta pixkatxo bat igo da zerbitzuetan.