Juanito Dorronsoro ataundarrak izango du domekan, puntu gehien eskuratzen duenari, txapela janzteko ohorea. Hezkuntzan bertsolaritza txertatzen lan handia egin du Dorronsorok, besteak beste, bera da bertsotarako baliagarri diren doinuen bilduma zabalenaren egilea. Irabazlearen izena erabakiko dutenak, berriz, Eneko Bidegain, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria izango dira.
Egun osoko jarduna
11:00etan hasiko dira goizeko saioak eta 16:00etan, berriz, arratsaldekoak. 20:30etan izango da, ostera, sari banaketa.
Bizkaia Arena alboko 6. pabiloian hainbat zerbitzu eskainiko dira: 14:00etatik 16:00era, jantokia, eta saioek iraun bitartean haurtzaindegia izango da. Azken hori doanik da baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea.
Finala jarraitzeko bideak
13.500 zale batuko dira BECen; horietako asko debagoiendarrak. Baina badira txapelketa jarraitzeko beste hainbat modu: sarez, telebistaz eta baita Oñatiko Ernairen eskutik, Antixena gaztetxean ere. Egun osoko egitaraua prestatu dute, tartean, bazkaria. Aldez aurretik izena eman behar da.
Bertakoen begietatik
Txapelketa amaitzear dagoela, Debagoieneko parte hartzaileengana jo dugu iritzi bila. Honako hiru galdera egin dizkiegu:
- Zelan sentitu zara Txapelketa Nagusian parte hartzen?
- Zelan ikusi duzu orokorrean aurtengo Txapelketa?
- Zer diozu finalaz? Bide batez, faborito zehatzik baduzu?
Hona hemen erantzunak:
Manex Agirre (Bertsolaria):
- Ibilbide motza egin nuen nik, Oionen urriaren 26an kantatu eta txapelketatik kanpo geratu nintzen-eta. Uste baino lasaiago egon nintzen, eta Oiongo plaza ederra izen zen, giro aldetik. Bertsotan, berriz, gora-beheratsu ibili nintzen; gora baino behera gehiago, esango nuke.
- Distantziatik jarraitu dut aurten (internet eta telebista bidez, gehienbat); baina gustura jarraitu dut. Finalerdietan gozatu egin dut, saio onak eta bertso oso onak entzuteko aukera eduki dugulako
- Txapelketako finala, zabalik ikusten dut, besteak beste, daukan askotariko sinbolismoengatik, hau da, bertsozaleen elkargunea delako, ekitaldi masiboa delako, lau urtean behin egiten delako... Eta bestetik, bertsoei dagokionez, domekan saio oso on bat entzuteko aukera izango dela iruditzen zait. Ez dut, momentuz, faborito zehatzik.
Irati Agirreazaldegi (Bertsolaria):
- Gustura ibili naiz; norberaren bertso mailari astinaldi bat emateko aproposa da txapelketa. Legazpikoan, ofiziotako saioetan gustura kantatu nuen baina ez horrenbeste, bakarkakoetan. Orain plazetan zukutu behar, aurreko entrenamenduak
- Oro har, bertso-maila onean; gora beherak ere izan dira, baina hori humanoa da, eta horixe da bertsoaren xarma ere. Azken finalerdietan, bai bertsolariek bai gai-jartzaileek ere, koska bat gora egin dute, eta hori igarri da, baita estimatu ere.
- Espero dut bertsolarien onena ateraraziko duten gaiak izatea; bertsoaldi ederrak emango dituztela seguru nago. Bestalde, bertso txapelketa bat baino gehiago, euskal kulturgintzaren memorian txokotxo bat irabaziko duen eguna izatea espero dut, ikuspegi sozialari dagokionez. Faboritoak baditut, baina zortziek onena ematea nahi nuke.
Miren Amuritza (Bertsolaria):
- Final-laurdenetan kanporatuta, ez nituen helburuak bete, baina horixe da lehiatzea: batzuetan bale, besteetan kale. Hasieran penatuta egon arren, dagoena onartu eta aurrera; zorionez bertsolaritzak txapelketatik kanpo ere aukera asko ematen ditu.
- Saioetan inoiz baino jende gehiago ibili da. Bertsolarientzat ez da erraza izaten horrelako ikusmina sortuta, beti ondo erantzutea, baina uste dut oso gauza onak egin dituztela. Saio gehienak entzun ditut eta denetan egon da gogoan hartzeko moduko zerbait. Finalera sartu ez arren, Jone Uria eta Alaia Martinen lana nabarmenduko nuke.
- Itzela izango da, bai bertsoengatik eta baita BEC-en sortuko den giro bereziagatik ere. 14.000 lagun euskaratik eta euskaraz, uste dut badugula zer ospatua. Bertsolari gehienak lagun ere baditut, beraz, onenak irabaz dezala!
Maddi Sarasua (Bertsolaria):
- Esperientzia bezala hartu dut txapelketa. Agian beste inoiz izanen ez dudan aukera zenez, gozatzera joan nintzen. Ez nuen ezer galtzeko! Ez nion presio gehiegi sartu ene buruari eta ez nuke erranen saio itzela egin nuenik, hobeto egin nezaken, okerrago ere bai. Ongi pasa nuen. Esperientzia polita izan da.
- Lehenengo aldiz saioz saio jastatu dut txapelketa. Entzule gisa, bertsoa agian beste formatu batzuetan gozagarriago zaidala ohartu banaiz ere, oso gustagarri egin zait. Ez da dudarik, bertsoaldi batzuk luzaro gogoan hiltzaturik atxikiko ditudala, baina bereziki bizi izandako giro, une eta sentimendu berezi horiekin gelditzen naiz.
- Bertsozale eta euskaldun ororentzat festa itzel bat izaten da. Han sortzen den giroak ez du parekorik. Ilusioz nago. Bertsolariak sekulakoak dira, eni denak gustatzen zaizkit.
Mikel Fernandez de Arroiabe (Kanporaketako epailea):
- Esperientzia oso polita izan da niretzat. Epaile-talde jatorra osatu da, konfiantzaz aritzeko laguntasun handia izan dugu elkarren artean eta alde horretatik oso gustora. Arabako txapelketetatik salto handia nabaritu dut; asko ikasi dudan sentsazioa dut, kanporaketetan eta baita formazio saioetan ere".
- Batez ere kontutan hartu beharrekoa jendearen erantzuna izan dela uste dut, ia denetan jendea gainezka egon da. Berotasun horrekin bertsolariak ere fin aritu dira eta saio batzuk maila handikoak izan dira. Zazpi sailkatuez gainera, hiruzpalau finalaren atari-atarian gelditu dira, horrek erakusten du bertsolarien maila handia".
- Finalean emaitza zein izango den asmatzea zaila ikusten dut, buruz-burukoan aritzeko ere hainbat bertsolari ikusten ditut-eta. Jaialdi polita izango dugu, eta horrekin gustura".