Geratzen diren AHTko lanak lehenbailehen lizitatzeko eskatu dio Garraio Sailak Espainiari

Leire Kortabarria 2013ko abe. 12a, 15:25
Batzar instituzionala egiten dabiltza gaur, eguena, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, AHTren exekuzioa jarraitzeko. Garraio sailburuordeak eskatu du Espainiako Gobernuak "lehenbailehen" lizita ditzala Arabako eta Bizkaiko tramuak.

Baina AHTren eta Espainiaren arteko konexioa inoiz baino gehiago jarri da zalantzan. Izan ere, Sustapen Ministerioak ez du lehentasunen artean Gasteiz eta Burgos AHT bidez lotzea, Azpiegituretako idazkari orokorrak, Manuel Niñok hil hasieran Kongresuan esan zuenaren arabera. Manuel Niñok Odon Elortzak egindako galdera bati erantzun zion eta esan zuen AHT bukatu arte itxoingo duela Gobernuak "ohiko trenbidean behar diren ekintzak egiteko" Gaztelaren eta EAEren arteko bidaia-denborak murrizteko. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2006an egin zuten AHTren gaineko hitzarmena, baina orain, lehentasunak aldatu egin dira. Madrilek Espainiako abiadura handiko trenbidearen beste lerro batzuk hobetsi ditu, tartean Madrildik Valladolidera doana, Madrildik Burgosera eta hortik Gasteizera doanaren gainetik.

1.000 milioiko laguntza jaso dezake

Gaurko batzarrari dagokionez, Garraio Sailak Sustapen Ministerioari eskatu dio "lehenbailehen" ekin diezaiela Arabako eta Bizkaiko tramu guztiak lizitatzeari, batez ere, Gipuzkoako zatia –Jaurlaritzaren ardurakoa– Bizkaiarekin lotzeari, Bergara-Elorrio konexioaren bidez. 600 milioiko aurrekontua dute lan horiek. Era berean, jakin da Europako Batasunak mahai gainean duela Espainiako abiadura handiko trenbide sarea finantzatzeko eskaera; hain zuzen, Atlantikoko trenbide sarea diruz laguntzeko eskaera dago, eta horren barruan dago AHT. Denetara, datozen zazpi urteotan 1.000 milioi euro jaso ditzake, Espainiako Gobernuak abiadura handiko sarea finantzatzeko jasoko lukeen poltsaren barruan; Espainiako tramu guztien artean banatzeko 3.000 milioi euro.

Bestalde, Espainiako eta Euskadiko gobernuak lantzen hasiak dira EAEko hiru hiriburuetarako AHTren sarrerak. Hain zuzen, bihar, egubakoitza, Bilborako sarbidearen gainean hitz egingo dute Madrilen; urtarrilaren 16an, Donostiaren gainean jardungo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak