'Erdaldunberriak' antzezlana aurkeztu zuten atzo AEDn

Eñaut Abarrategi 2013ko abe. 11a, 10:50

Maite Agirre, Idoia Etxeberria eta Olatz Pagaldai atzoko prentsaurrekoan.
Neska erdaldun berri baten istoria eta komeriak kontatzen dituen antzezlana da, beti ere, umorea oinarri izanda. Gidoia Idoia Etxeberria kazetari eta gidoilari oñatiarrak egin du eta istoria taularatuko duena aldiz, Olatz Pagaldai aktorea izango da. Antzezlana bakarrizketa formatuan izango da.

Buah! Txabal antzezlanak izandako arrakastaren ondoren, bai formatu aldetik eta baita ere izandako harreraren ondorioz, AED Erdaldunberrien kluba antzezlanarekin datorkigu honakoan.

Bertan, Irantzuren istoria kontatzen da. Neska honen klubean oso gutxi dira, sekula ez dute saririk jasotzen eta inoiz ez dira telebistan agertzen. Irantzuren kluba ezezaguna da, erdaldun berrien kluba delako eta erdaldun berri gehienek ez dakitelako erdaldun berriak direla. Istorian zehar erdaldun berria zer den definitzen joango dira, Olatz Pagaldai aktorearen bakarrizketen bitartez.

Pagaldaik esan zuenez, oso erraza egin zaio lan hau antzeztea, hasieratik identifikatua sentitu delako Irantzuren kasuarekin. "Euskaraz bizi garenok, erdaldun berriak gara eta askotan euskaraz pentsatzen dugu, nahiz eta gero, gazteleraz hitz egin", aipatu zuen akoreak. Atzoko aurkezpenean, bakarrizketak nolakoak izango diren ikusteko aukera egon zen, Pagaldaik egindako antzezpen txiki baten bitartez.

Hasiera batean, ordu eta erdiko saioa egitea zegoen pentsatuta, baina, berrogeita bost minututan utzi behar izan dute antzezlanaren iraupena, obra "dinamikoagoa" izateko. Idoia Etxeberria, gidoilariak esan duenez "hasieran zalantzak izan nituen gidoia idazterako orduan, baina gidoia idazten joan ahala, zalantza horiek uxatu egin zitzaizkidan".

Maite Agirre, AEDeko dinamizatzailearen esanetan, oraindik ere ez dute zehaztu noiz eta non egingo duten lehen emanaldia. Baina, printzipioz Arrasaten izango da antzezlanaren estreinaldia, Gabonen ondoren. Obra hau adin guztietako jendeari zuzenduta dagoela adierazi zuten.


Buah! Txabal antzezlanaren arrakasta

Buah Txabal antzezlanak izandako arrakasta nabarmentzeko ere baliatu zuten atzoko prentsaurrekoa. Antzezlan hau aurkeztu zenetik 80 emanaldi inguru egin dira herriz herri. Izandako arrakasta ikusita, AEDk antzezlanaren DVDa argitaratzea erabaki du. Momentuz 500 ale aterako dituzte, bakoitza 10 euroko prezioan. AEDko egoitzan eta Ttukun dendan egongo dira salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak