Alaia Martin: "Lehen, bertsoak aspergarriak iruditzen zitzaizkidan"

Alaia Martin.
Oiartzuarra Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartzear egon da; Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bilbon, eta 'Martin' telesaileko gidoilaria izan zen.

1. Barakaldoko finala hortxe izan duzu, baina, azkenean, ezin...

Gozokia gertu izan eta ahotik kentzea bezala izan da; baina bestetik, berez zaila ikusten nuen, eta ez da horrenbesteko galera izan. Sekula izan ez dudan zerbaiten galera izan da.

2. Eta domekarako kinielarik?

Uste dut momentuak, egunak baldintzatuko duela finala. Ez dut faboritorik, baina Beñat Gaztelumendi oso gertukoa dut, eta uste dut berak adina tentsio pasatuko dugula gertukook.

3. Zortzi finalisten artean bakarra izango da emakumea. Gauzak ez dira horrenbeste aldatu?

Aldatze bidean doazela esango nuke. Gustatuko litzaidake emakume gehiago egotea;  leiala izanda, ni neu uste dut prest nagoela paper hori betetzeko. [Barre].

4. Agertokietako adrenalina edo bertso-paperen lasaitasuna, zer nahiago?

Adrenalina, zalantza barik. Garai baten, bertso paperak idazten nituen; orain, tarteka ere bai. Baina askoz beteagoa egiten zait bat-bateko jarduna, gehiago ematen didala sentitzen dut.

5. Bertsoaren zuzentasunak zenbateraino baldintzatzen du mezuaren edukia?

Bolada eta estilo kontuak dira. Nahiko maniatikoa izan naiz formarekin, baina azken boladan mezuari eman diot lehentasuna.

6. Anaia eta biok bertsolariak: puntuka eztabaidatzen duzue?

Normalean, bakarka. Familian ez dugu bertsozalerik, baina ikastolan bertsolaritza genuen, eta bertso eskolara bideratu gintuzten. Anaia bertsotan gustura ikusteak ere eragingo zuen: lehen, bertsoak aspergarriak iruditzen zitzaizkidan. 

7. Bertso eskoletako irakasle zara. Etorkizuna bermatuta dago?

Bai: batetik, sormena ez delako galtzen, eta, zentzu horretan, umeak sormen zaku txikiak direlako; bestetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak egiten duen lanagatik. 

8. Zein izan da bertsotan esan dizuten gauzarik politena?

Pentsatu nahi dut hainbeste lotsatu nintzenez, ez dudala gogoratzen. Ez da ohikoa bertsotan gauza politak entzutea: sarri zirikatzeko jarduna da; bestetan, esajerazioagatik, gozoegia. Gauza politenak oholtzatik kanpo entzun ditut.

9. Egun, ikus-entzunezkoen mundua gertu edo urrun duzu?

Urrun samar, dedikazio handia eskatzen du-eta. Garbi dut gehien gustatzen zaidan gauzetako bat gidoiak idaztea dela; tartea dudanean hasiko naiz proiektu berrietan pentsatzen.

10. Bertso derbian Realean jokatuko duzun jakingo da gaur. Ilusioa egiten dizu txuri-urdin janzteak?

Bai; ez bereziki Realzalea naizelako, baizik eta oso aldian bizi dudan giro hori gustuko dudalako.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Aukeratzeko dauden hainbat gauzaren artean, makila horren magiarekin kartzeletako barroteak puskatuko nituzke".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.