"Ikurrina"

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Idoiaga 2013ko abe. 8a, 01:00

Oñatiko Udalak, bandera jartzera behartzen duen sententzia betetzera obligatuta egonik...

... ikurrinaren omenaldi ekitaldi bat antolatu zuen abenduaren 1erako, aldi berean 1977ko Korporazioari gorazarrea eginez (urte hartan legalizatu baitzen ikurrina). 

EAJ-PNVkook ekitaldi horretan parte hartzea erabaki genuen; izan ere, ikurrinak elkar ulertzearen ikur izan behar du, eta ez diskordiarena. Beti defendatu izan dugu ikurrina, legezkoa izan den garaietan eta klandestinitatean. Sabino Aranak orain 120 urte sortu zuenetik, beti defendatu izan da: gudariek gerran, Eusko Jaurlaritzako abertzaleek atzerrian, militanteek –inolako biolentziarik gabe– izaera ofizial, kultural edo kiroletakoetan aireratzen zutenean. Hau da, gaurdaino, bai errepresio garaian militante izanez eta bai 1977an legalizatu zenetik.

Eta orain, "arma hotsa" isildu denean, isil dadila ezker abertzaletik EAJren aurka erabili izan diren hitzena ere, banderaren alboan PNV española, PNV traidorea, PNV saldua ziotenak. Edo eta, EAJ-PNVk gobernatzen zituen erakundeetan bandera jartzera obligaturik egonda, honelako akusazioak egiten zizkigutenean: "Jardute hutsa, hipokrisia, euskal ikurrinarekiko konpromiso eza...". Min egiten zigun horrek eta, hala ere, isildu egiten ginen; orain ez dugu nahi izan txanpon berarekin ordaintzerik eta elkar ulertzearen alde jarraitzea erabaki dugu.

Eta beti, geure ideiak, geure pentsaera, geure programa eta egiteko moduak defendatzen jarraituko dugu, alde edo aurka egonez, baina hori bai, tinkotasunez kritikatuko dugu errespetu falta edo diskordia sustatu lezakeen edozein jarrera.

--------------------

Mikel Iturrospe eta Lourdes Idoiaga

(Oñatiko EAJ-PNV)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak