"Itxoiten"

Erabiltzailearen aurpegia Igor San Juan 2013ko abe. 1a, 01:00

Hori da Fagorreko langile ohiak garenoi tokatzen zaiguna, itxoitea.

Momentu honetan, birkokatzearena da motiboa, eta gu hala bizi gara, telefono dei baten zain, gure galdera sorta argituko duena: noiz, nora, ze ordutegitan?

Hala ere, esan daiteke ohituta gaudela egoera honetara.

Izan ere, espektatibekin bizitzea tokatu zaigu azken urteotan, handiak hasieran, azken aldera ez hainbeste, eta gu haien arrastoaren atzetik ibili gara ehiza txakurren moduan.

Eta espektatibak kolore eta tamaina denetakoak izan ditugu: Zilarrezko Q-a, Urrezkoa gero, Ibarretxeren bisitak, onenak omen ginen... eta guk sinistu! 

Espainiako errege Juan Carlosek gure irudi txarra hobetuko zuen bere bisitarekin... eta baten batzuek sinistu! 

Enpresa erraldoi bat bihurtzeak, batez ere luzarora, onurak ekarriko zizkigula... eta hori ere sinistu! 

Aliantzek enpresaren biziraupena bermatuko zutela... eta gu txinuak gora, txinuak behera!

MCk (guretzako Jaungoikoa) libratuko gintuela hondamenditik... eta gu itxoiten!

Azken espektatiba da, hala ere, niri benetan mingarri egiten zaidana, ez baita hori ere bete. 

Esan ziguten (langileoi), batez ere komunikabideen bitartez, langileei harrera egiteko bulego bat jarriko zutela, non langile guztiek gure kezkak azaldu ahal izango genituen. 

Izan ere, kopuru handia garen aldetik, problematikak, kezkak, eta abar anitzak dira, eta, horregatik, tratu pertsonala edukiko dugun toki bat eskatzen dugu, horixe baikara azken finean, pertsonak, gure erru partearekin noski, baina pertsona kezkatuak. Non eta Humanity at work leloa daukan erakunde batean.

Oraingoan ere ez dira espektatibak bete, edo tristeago dena, oraingoan ere ez omen dugu ulertu prometitzen zen hori. 

Bulego hori bestelako gauza zen: telefono deiak igortzen dituen ofizina ezkutua, eta punto.

Egunotan, kooperatibismo hitza erruz dabil pertsona askoren ahotan, gainbeheran dagoen edo. 

Baina benetan, ez da kooperatibismoa zalantzan dagoena, baldin eta mundu justu eta hobe bat nahi badugu, behintzat, MCCko kooperatibismoa da zalantzan  dagoena. 

Promesen zoru labainkorrean hor dabil, agindutako hitzaren morroi. 

Gu, ohituta gaude eta, zain egongo gara, noiz jausiko ote den zain... itxoiten.

--------------------

Igor San Juan

(Langile ohia)

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak