1-Hondakinen gaiaren inguruko bat Bergarako Osoko Bilkura aretoan entzun genuen, PNVko bozeramailearen esanetan errauskailu batek San Martinetako suzko erruberak baino gutxiago kontaminatzen duela. En fin, ez goaz komentariorik egitera honen inguruan.
2-Atez atekoa zikina dela diote hainbatek. Ez da egia, etxean banatutako hondakinek oso ordu gutxi pasatzen dute kalean eta itxitako kubo baten esekita, gainera.
3-Egun jakin batzuetan jan ahalko da arraina. Ez da egia, edozein egunetan jan ahal izango da edozer, hondakinei ez zaielako nahikoa denbora ematen kiratsik sortzeko, astean hiru bider jasotzen dira eta.
4-Atez atekoak pertsonen intimitatean eragina izan lezake. Ez da egia, identifikatuta daude kode baten bitartez, baina ez dago jakiterik norenak diren hondakinak. Egunero biltzen diren painalak eta konpresak edozein esekitokian jar daitezke; beraz, hauek nork utzi dituen ere ezin da identifikatu.
5-Atez atekoa garestia da. Ez da egia osoa, garestiagoa da bilketa, baina tratamendua askoz merkeagoa da. Kontu izan 2012an bi milioi euro gastatu ditugula Mankomunitatean gure zaborrak zabortegira eramaten. Konpostatzea askoz merkeagoa da.
6-Zintzilikarioak itsusiak dira. Edukiontziak politak al dira?
7-Inposatu egiten du Udal Gobernuak. Ez da egia, Udal Gobernuaren eskumena da herrian sortzen diren hondakinen kudeaketa eta irizpide teknikoetan oinarrituta arduratsu jokatu nahi du, besteak beste, kontuan hartzen dugulako Europatik datorkigun normatiba.
8-Bergara Garbia: non zeundeten erreka garbitu genuen egunean? Zuek Bergara Garbia, gu Bergara garbitzen.
9-Herri galdeketarako dei egin du PNVk. Noiz egin dute beraiek galdeketarik? Denak ez du balio, guk oinarrizko eskubideak edo naturaren zaintzaren inguruko galdeketarik ez dugu onartzen.
10-4.691 sinadura bildu ditugu. Ez da egia, 26 sinadura bakarrik daude, izen zerrendak dira. Izenen bilketa kontrolik gabe egin da, honek iruzurrari ateak zabalik utzi dizkio. Zerrenda hauetan 600 izenetik gora daude errepikatuta, tartean Arrasate eta Bergarako PNVko kargu politikoak. Orrialdeak eta orrialdeak daude pertsona batek idatzita, kasu baten pertsona batek 260 izen idatzi ditu, guztien baimena ote zuen?
11-Azkena desobedientzia zibilerako deia izan da PNVk iragarrita, Euskal Herri zahar honetan horrelakorik entzutea ez genuen espero, desobedientzia? Herria zikintzen kolaboratzeko. Zein helburu noblea! Ez ote da egon orain arte desobedientzia zibila aldarrikatzeko beste motiborik? Ez ote du Bergarak arazo larriagorik hondakinen bilketa baino?
Itzulpen baldarrak dioen moduan: once para ver nacimos! Hamaika ikusteko jaio ginen!
--------------------
Maren Belastegi
(Bergarako Udal Gobernu Taldearen izenean)
Bergara