"Arizmendi, Fagor Etxetresnen ondoan"

Gu gara, zu eta ni, euskaldun eta kooperatibista, euskal ekintza kooperatiboa praktikatzen dugu...

... zuk eta nik, geuk, hemen eta orain, Leintz Bailaran. 

Arizmendi ikastola Mondragon Taldeko kooperatiba da, hezkuntza-kooperatiba, hain zuzen ere. 

Ikastola garelako, hezkuntza-kooperatiba euskalduna izatea dugu ezaugarri bereizgarria. 

Geure seme-alabei, gure haur eta gazteei, geure ikasleei, alegia, lagundu nahi diegu bizitzan sortuko zaien edozein egoerari aurre egiteko pertsona euskaldun konpetenteak izaten. 

Eta aldi berean, guk, helduok, ikastolako profesionalok, gurasook eta kolaboratzaileok geure burua hezten dugu, heziz elkarri laguntzen diogu, geure ikasleekin batera, geure inguruko eragileekiko interakzioan.

Une mikatzetan du abagunerik onena elkartasuna erakutsi nahi duenak, gozoetan ere ezinbestekoa dela ahaztu gabe. 

Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba egoera larrian dugu, enpresa bera eta bertako langile den pertsona bakoitza. 

Arizmendi ikastola osoak bere elkartasuna agertu nahi die, bai Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako langileei, eta bereziki ikastolan bertan zuzen edota zeharka egoera larri honek eragiten dien guztiei.

Eta elkartasunarekin batera, Arizmendi ikastolak ekingo dio egoera larri horrek eskatzen dion erantzun eraginkorra bilatzeari, bai epe laburrera, bai epe ertainera; izan ere, gure ikastolak bere ikasleak hezi behar ditu edozein egoerari aurre egiteko, euskalduntasunetik eta kooperaziotik. 

Halaxe jokatu beharra dauka, hezkuntza-kooperatiba bezala; alegia, bere inguruan suertatzen zaizkion egoera guztien aurrean, beren ikasleek lekukorik onena izan dezaten hitzetan eta ekintzetan.

Animo, horretan saiatuko gara, zu eta ni, gu, eta erakutsi dezagun euskaldun eta kooperatibista izaten dakigula.

--------------------

Jokin Mujika

(Arizmendiko lehendakaria)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.