"Nahikoa da!"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Kortabarria 2013ko urr. 7a, 02:00

Irailaren 30ean Guardia Zibilak Eloy Velasco epailearen aginduz Herrirako 18 kide atxilotu zituen...

... Ertzaintzarekin elkarlanean. Azken hauek izan ziren, baina, Hernanin atxilotuak izan zirenei elkartasuna adierazten zeuden ehunka herritarrei jipoiak banatu zizkietenak, beste behin, euren indarkeria erabiliz. 

Badira bi urte ETAk armak utzi zituela. Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean aurrerapauso handia izan zelakoan geunden. Azken bi urteotan, ordea, ikusi dugu Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ez dela ezertan aldatu. Eszenatoki berri bat ireki den honetan, Euskal Herriak ozenki konponbide bat eskatzen duen honetan, bi estatuek behin eta berriz oztopoak jarri besterik ez dute egin. 

Euskal preso eta iheslari politikoen egoera ere ez da ezertan aldatu. Etxetik milaka kilometrotara sakabanatuta jarraitzen dute, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen sufrimendu guztiarekin. Gaixo larriek eta kondenaren 3/4ak beteta dituztenek ere espetxeetan jarraitzen dute, egunez egun estatuen mendekua pairatzen. Ezin ditugu ahaztu Ines del Rio eta 197/2006 doktrina aplikatu zaien preso guztiak ere.

Hori gutxi balitz, atxiloketek ez dute etenik. Gure herriko gazteak, gure adiskideak, konponbidearen bila dabiltzan herritarrak atxilotu eta barrote artean sartzen dituzte. Oraingoan, Herrira herri mugimenduaren aurka jo dute. Noiz arte? Nahikoa da! 18 kide izan dira atxilotuak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lanean jardutearren. Gu ere horretan gabiltza, Euskal Herriko gehiengo handi bat bezala. Elkartasuna ez da delitua. Inongo argudio gabe, izorratzeko gogo hutsez, herri honi eraso egin diote. Euskal Herria isilarazi nahi dute. Presoei bakarrik eta babesik gabe daudela erakutsi nahi diete, baina ez dute lortuko! Ez dute gure elkartasuna eta jarduna etengo. Euskal preso eta iheslari politiko guztien eskubideak errespetatu arte, lanean jarraituko dugu guk. Guztiak etxean izan arte, ez dugu etsiko. Ez gaituzte kikilduko euren eraso oldarkor onartezinek. Lanean jarraituko dugu egiten ari garenean sinesten dugulako. Espetxeak husteko garaia da, ez betetzekoa. 

Hala, herritar guztiei egiten diegu dei hurrengo egun eta hilabeteetan egingo diren ekintzetan parte hartzera. Oñatin egubakoitzean elkarretaratzea egingo da Foruen plazan 20:00etan. Eta zapatuan, Herri Egunean, urtero bezala, preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko ekitaldia egingo da 19:00etan eta ondoren manifestazioa. Animatu eta etorri! Herriak erantzun egin behar du injustizia honen aurrean. Itsasoa sortzea zen beraien helburua. Izan gaitezen tanta eta zor dezagun marea urdina. Inor ez dadila etxean gelditu. Guztion artean lortuko dugu! Herrira aurrera!

Bukatzeko, besarkada bana eta gure berotasun guztia atxilotutako 18 kideei eta baita gugandik urrun dauden euskal preso eta iheslari politiko guztiei. 

--------------------

Mikel Kortabarria

(Oñatiko Herriraren izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak